Euskaraldiaren sasoian gaude sartutik, bete-betean, animoso, motibaturik, eta bere lemak ondo adierazten digun bezala: Hitzez ekiteko garaia da. Beti da hitzez ekiteko garaia. Ahobizi eta Belarriprest guztiak motoreak berotu dituzte, are gehiago orain ere, euskara erabiltzeko eta normaltasunez eguneroko hizkuntza bihurtzeko. Hortaz, hitzez ekiteko eta Euskaraldiari ere ekiteko garaian gaude.

Ariketa masiboa hori beste askorekin batera jaio zen, tartean, Korrika, Berbaguneak, Arnasguneak... Horietan guztietan hizkuntz ohituretan eragin nahi da, norabide aldaketa positiboa euskararen alde gerta dadin, batzuetan kalean, edota lagunartean berba egiteko hizkuntza eredu zehatz bat ezarrita dugu, eta askotan gaztelania izaten da aukeran eta inertziaz ahoz aho hartzen den hizkuntza. Horretarako dator Euskaraldia, euskarak indarrak har dezan, guztion ahotan maiz eta betirako egon dadin.

Izan ere, euskararentzat ez dira oso garai pozgarriak. Ekimen horien bultzada nagusitik kanpo euskararen erabilera apalduz doa betidanik super-euskaldunak iruditu zaizkigun eremuetan, hala nola, herririk euskaldunenetako etxeetan. Uemaren arabera, gure hizkuntzaren ezagutza gero eta orokorragoa bada ere, erabileraren portzentajeak beheranzko joera hartu du.

Herri euskaldunak euskararen ezagutzan %70 kantitatetik gorakoak daudenak dira, eta zorionez, gero eta gehiago dira horrelako udalerri euskaldunak, baina badirudi ez dela oso arraroa herri horietan gaztelania egitea, ia biztanle guztiek euskara ezagutzen badute ere. Gure hizkuntza minorizatua da, eta bera zaintzeko eta batez ere normaltasunez erabiltzeko ahalegin pertsonala eta kontzientea egiten ez badugu, ez gara hain sorioneku izango, eta etorkizun iluna izango dugu, gure herrietako berbak (ez dakigu nola) gero eta ahulagoak baitira.

Hortaz euskara jagon eta bultzatu egin behar da bai hirietan bai herrietan, politika zabal, sendo eta integral batzuei esker. Daukagunari gogor eutsi egin behar diogu, geu ere euskara bera gara eta.