Urte zaharra amaitu eta berria hasten den lipar ahaztezin honetan, hedabideek urteko albisterik onenak, entzunenak, dramatikoenak, irakurrienak eta estonagarrienak zerrendatzeko aukera ez dute galtzen.

Pentsatzen hasiz gero hainbat hitz etorriko zaizkigu gure burmuin nekatura. Gomutan ditut sumendi baten orroa, laba eta laba botatzen, eta bertakoen desanparuaren gaineko albisteak. Horren ostean barealdi naturala etorri zen, eta Europan gerrak eztanda egin zuen. Hango biztanleen ihesaldia, hango dramak, bonbardaketak, hildakoak, bi aldeetako gezur kronikoak, faltsukeriak, eta deshumanizazioa.

Ekonomia pandemiagatik ahuldurik zebilen eta suspertzekotan hasi zenean armen dantza etorri zen, eta inflazioa eta prezioen igoera izan dira Europa modernoan gertatzea espero ez zen gerraren ondorioak. Petrolio eta gasolinaren salmentarekin oligopolioak irabazitako diru kantitate muturrekoak kontu lotsagarriak izan dira. Inondik inora geldiarazi ezin daitezkeen energiaren prezioen igoerak Estatu baten ahulezia erakutsi du.

Kezkak gureak izan dira, urte osoa pasatu dugu erosketetan, argi-indarrean, berogailuan, edota erregaietan nola aurrez daitekeen pentsatzen, eta ez dakit erdietsi dugun, gero eta sos gutxiago baitugu.

Udan suteak hasi ziren berriz. Urteroko sarraskia. Joan zaigun urtea historiara pasako da sargoritsuenetakoa izan delako, bero saparekin eta tenperatura errekorrekin. Tragedia hori probestu zuten berriz ekologistek klima-aldaketaren gaineko alarma pizteko. Uda ostean, Klimaren Goi-bileran ia 200 herrialdek hartu zuten parte, eta ez zuten ezer ere adostu. Negargarria.

Azken asteetan osasungintza izan da berriz albiste. Bere sektorearen prekarietatea tamalgarria da, eta pribatizaziorako nahiak aurrera egiten du. Horrek guztiak langilegoaren nekea eta sistemaren kolapsoa ekarriko ditu. Eta? Sare demokratikoa suntsitzen duten komunikazio-estrategiak, estolda zitalak, ezegonkortasun politikoa eta bere deribazioak, eskuin-muturraren degenerazioa,..….

Urte berria etorri da. Izan dezagun duintasunez bideratzeko adorea.