Luze doa eztabaida eta ez du konpontzeko itxurarik. Aspalditik datoz Espainaiko gobernukideen arteko desadostasunak emakumeen berdintasuna sustatzeko politika zein neurrietan. Koalizio-gobernua osatuaz batera, gaiak organigraman behar zuen lekuak berba garratzak ekarri zituen berdintasun ministeritzaren eta presidenteordetzaren artean. Orduko lohietatik dator oraingo lokatza.

Emakumeon berdintasuna sustatzeak esan nahi du gutxietsita bizi den gizartearen erdia beste erdiaren parera ekartea; esan nahi du menpekotasunean jatorria duten eraso, bortxaketa eta egiturazko zigorrak bazter uztea; esan nahi du emakume izanagatik bigarren mailako gizaki bezala bizi behar ez izatea. Horrek guztiorrek lege suspertzaileak eskatzen ditu baina ez da erraza ehundaka urteko lege-arkitekturan arau trenkatzaile bati tokia aurkitzea; ez da erraza emakumeen aldeko borrokari zor zaion lege-jauzi egokia bilatzea. Erraza ez baina ezinbestekoa bai.

Azken urteetan emakumeen ahalduntzean eman diren pausuak nabarmenak dira, egiturazko arazo honen bistaratzetik hasita. Ikerkuntza feministak errealitateari begiratzeko metodologia eta tresna berritzaileak ekarri ditu. Aldi berean, eztabaida-gune berriak eta libreagoak ere kaleratzen, gizarteratzen, joan dira.

Duela hiru hilabete Espainiako Kongresuak Sexu Askatasunerako Legea, Soilik Bai da Bai izenez ezagutu dena, onartu zuen. Alde positiboak hainbat dira eta baita biktimak babesteko, genero-berdintasunaren heziketa bideratzeko eta gaizkileak bergizarteratze ahaleginean laguntzeko neurri berriak ere. Baina lege-markuaren baitan aplikatu denerako, helburuen aurkako ondorio larriak azaldu dira. Feministen arteko harremanak ere zeharo ozpindu dira. Atzoko egunez gertatu zirenak ikustea baino ez dago.

Pertsona eta kolektibo bakoitzaren interes taktiko edo estrategikoen albo batera utzi eta emakume kaltetuen berbitimizazioa ekiditeko urratsak azkartzea tokatzen da orain, biktimak baitira, beste edozein arrazoiren gainetik, babesa merezi eta behar dutenak. Ez dago denbora galdurik.