Barreari ezin eutsiz irakurri dut Kontsumobidek kutxa zerbitzua ez emateagatik eta leihatilan eskudirutan ordaintzeko zerbitzua kentzeagatik Kuntxabanki jarri dion isunaren albistea; isunaren kopurua iruditu zait barregarria: 123.000 euro. Nireak baina handiagoak eta ozenagoak izango dira Kutxabankeko bulego nagusian entzungo diren barreak, kontuan hartzen bada Kutxabankek 2022an 330,2 milioi euro irabazi zituela. Sekulakoak izango lirateke nire barreak, 50 zentimoko isuna jarriko balidate edozer egiteagatik.

Baikorrek edo inozoek (ez dakit zer diren zehazki) esaten dute, gutxienez, zigortu dutela banketxe bat jardunbide desegokiak izateagatik, baina nik uste dut horrelako zigortxoek ez dutela ezer konponduko. Kutxabankek, noski, bere burua zuritu du: pandemia zela eta, hartu zuela erabaki hori, bezeroen segurtasuna bermatze aldera. Pandemia primerako aitzakia izan da plebeioak bulego pribatu zein publikoetatik aldentzeko, eta pandemia atzean utzi badugu ere, bulego askoren bunkerizazioa ez da amaitu, eta ez dirudi laster amaituko denik. Kutxabankek negar publiko gehiago egin du Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen bankuen zerga berria dela eta, oraindik ez dutela pandemia aurrean zituzten irabazietara iritsi eta “baztertuta” sentitzen direla (zein ondo ikasi duten hizkuntza bihurritzen). Ez dute ezer esan Ukrainako gerraz, pandemiaren ondoren agertu zaigun aitzakia berria, baina ziur aski beste artikulu batean zegoen.

Silicon Valley Bank horren inguruko albisteak serio irakurtzen hasi naiz baina bukaeran Biden presidentearen hitzak zetozen, herritarren eta enpresen aurrezkiak bermatuko dituela baina ez arriskua hartu eta dirua galdu duten akziodunen inbertsioak, hori baita kapitalismoa, eta barre egin dut berriro: ai, kapitalismoa!

Ez nuen uste egunkarietako ekonomia orrialdeek umorea aberasteko gaitasuna zutenik, ilunak, ulertezinak eta adur txarreko mezulariak iruditu zaizkit beti, baina zinismoaren eta hipokrisiaren aurrean negar egiteak zentzurik ez duenez, hobe da barre apur bat egitea. Beste aukerak delitu izan daitezke.