Arantzadiko zahar etxea ireki eta urte gutxira iritsi zen, oraindik ere egun hainbat egoitzarik ez zegoenean adineko jendearendako. Biztanleria, ordea, zahartzen hasteaz gain, galtzen hasia zen guraso zaharrak seme-alabekin bizitzeko ohitura. Hiriburuko etxebizitzak, gainera, herrietako etxe puska handiak baino puskaz ere txikiagoak ziren, eta ez zen lekurik, ez aitatxi-amatxiendako, ez osaba-izeba mutil-neskazaharrendako. Orduantxe zabaldu zen El Vergel, Miserikordia Etxearen eta Gipuzkoako etorbideko Hermanitas de los Pobresen osagarri, 1973an. Mende erdia ospatu dute martxoan. Hipolito 70eko hamarkadaren akaberan iritsi zen, “alorrean, oihanean eta idiekin lanean franko ibili” eta gero. “Orain, hemen ongi bizi naiz”. XX. mendea hasi berritan jaiotako gazte aunitzi bezala, Afrikako gerran tokatu zitzaion soldadu, baina hernia bati esker ez zuen Annualgo hondamendi hura pairatu. Ziako semea zen, Ehuntzaliena etxekoa, aita ehuntzalea baitzen, hau da, “ilazkian haria bilduz” oihalak eta maindireak egiten zituen gizona. Hipolitok gogoan zeuzkan Andres Astitz goldaraztarrak Irurtzungo astoaren kontura egindako bertso gehienak: “Majina batek parra azkar egin dute, asto txiki bat dela mediante…”. Eta gogoan ere Ziako Jose Julian Madoz “Gartxi” bertsolari eta gitarra-jole festazale amorratuak munduko kreazioaz paratutakoak: “…bataiatu giñen, gauden kristau fiñen, bestela gauza onik ez dugu egiñen”. Gartxi hura Aizkorbeko bentan aritzen zen bertsotan bertzeak bertze Zakar-ipurdi erraten zioten batekin. Hipolitok, txikitan, Gartxiren aita zahartua ezagutu zuen, Goñiko semea eta euskalduna. “Nire denborakoak eta lehenagokoak, denak euskaldunak ziren, euskaraz egiten zuten jolasa”, erraten zuen 90 urtetik gora zituela El Vergeleko egoitzan. “Orain ez du inork egiten. Orain arraza hori funditu da”.