Yolanda bat ezagutu nuen aspaldian, asko miresten nuen neska bat Donostiako Orfeoian kantatzen zuelako, eta unibertsitateko abesbatzan. Garai bertsuan Pablo Milanés-en Yolanda zegoenez, izenarekin zaletasun ez oso arrazionala garatu nuen. Geroago, Gasteizen beste Yolanda bat ezagutu nuen, Yoli, emakume benetan gogoangarria. Eta, jakina, Iolanta dago, Txaikovskiren operakoa. Horregatik, gure garaiko Yolanda nagusia, Yolanda Díaz alegia, atsegin izan nuen hasieratik, pasa den igandera arte, behintzat. Igandean antolatu zuten (nola deitu?) ekitaldian, performancean, aurkezpenean zerbait hautsi zitzaidan.

Yolanda Díazi buruzko artikuluak hasi nintzen irakurtzen gaurko hau idazteko, haustura horrena aztertzeko, baina gogoa Iolantarengana zihoakidan, eta orain dela urte gutxi Madrileko Teatro Real-en Ekaterina Xtxerbatxenko-rekin eman zuten ekoizpen osoa ikusi nuen, lan serioa albo batera utzita. Eta gero San Petersburgoko Mariinski II Antzokiaren inaugurazio ekitaldian eskaini zuten operaren bukaera apoteosikoa Anna Netrebko-rekin (uste dut Putin bera zegoela bertan). Barkatu zutabea oso madrilzale eta errusiazale ateratzen ari bazait.

Txaikovskiren opera XV. mendean girotutako maitagarrien ipuina da azken finean: Iolanta printzesa itsua da jaio zenetik; aitak, Proventzako erregeak, ezjakintasunean hazi eta hezi du, Iolantak ez daki printzesa ezta itsua denik ere; ingurukoek debekatuta dute argia eta argiarekin zerikusia duen guztia aipatzea; mediku arabiar batek uste du Iolanta sendatzeko bide bakarra dagoela: ezagutza eta desira; maitasuna dago, nola ez, Vaudémont kondeak esnatuko du Iolanta; bukaera zoriontsua da. Iolanta eta Yolanda nahasi zaizkit buruan: dena sinbolikoegia da. Nor da neska itsu mantendu nahi duena? Pedro Sánchez? Ez dirudi Pablo Iglesiasen manerak Yolanda maitemintzeko egokienak direnik. Rufián mediku arabiarra izango da? Zer jakin behar du Yolandak? Operarik korapilatsuena errealitatea baino xaloagoa da zinez.

Lagun baten arabera, Yolanda Espainiako “presidenta” izango da noizbait, bai, baina PSOEko zerrendetan.