Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoak hizkuntzaren familia bidezko transmisioa eta euskararekiko jarrera ere aztertzen ditu. Irakasbide baliagarria da bi osagaiok 30 urtetan izan duten bilakaera.

Euskal hiztunen dentsitatea da euskaraz jarduteko giltzarri nagusietako bat. Gainera, jariotasunaren eragile berezia da lehen hizkuntza; hau da, 3-5 urte bete artean haurrek gurasoengandik eta eurekin ohiz bizi diren senitartekoengandik jasotako hizkuntza edo –gero eta maizago dena– hizkuntzak.

Ez da harritzekoa ikustea 1991an euskaldunen %80a euskaldun zaharra (etxetiko euskalduna) zela eta 30 urteren ostean %58an dagoela perfil hori. Jeisten joan dira lehen hizkuntza euskara dutenak eta ugaritzen, ostera, familiaz kanpo euskaldundutakoak. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, euskaldun berriak eta jatorrizko elebidunak bikoiztu egin dira, ele biotako gaitasun-mailak oso desberdinak badira ere. Egoerak atentzio berezia jartzea eskatzen du etxean jasoko ez diren jardueretan, dela aisialdian, kulturan, merkataritzan, industrian edota teknologia berrietan.

Euskararekiko jarrerek ere ondorioak dituzte. Badago balioa kentzen dienik, uste izanda oso erraza dela borondatea agertzea. Baina usteek beti dakarte arduraren bat, uste hori sendotzen duen urratsen bat. Esaterako, haur guztiek euskara ikasi beharko luketeela dio euskal gizartearen ia %85ak; administrazioan lan egiteko euskara jakin beharraren alde dago %70a. Aurkaririk nabarmenenak, euskararen ordez ingelesa ikastea nahiko luketenak dira (%50) konturatu barik, agian, hizkuntza bi jakiteak hirugarrena ikasteari mesede egiten diola eta ez kalte.

Euskal gizartearen gehiengo handia hizkuntza politika positiboaren alde dago. Ezagutzen ditugu orain arteko ahuleziak eta indarguneak. Biak gogoan, urteetarako lana –elkarlana– daukagu. Guztiona da erronka.

Orexako euskal intelektual handiak idatzi zuenez, geroak esan beza herri bat izan zan, edota hats emaiogun hontan iraun dezan. Iraun biziberrituz.