Lakaxita gaztetxeko bortxaketa salatzeko Irunen herritarrek egin duten elkarretaratzean, “Erasotzaileei sua! Erne eta antolatuta gaude” zioen kartela prestatu eta kaleratu dute. Momentu batez, XVI-XVII. mendeko sorgin ehizaketen mendekua irudikatu dut. Eta Hammurabi Kodeko Talionen legera (Babilonia, XVIII. Mendea k.a.) joan zait akordua, zeinetan gaitza egiten zuenari, antzeko zigorra jartzen zitzaion, hau da, elkarrekikotasun zehatzaren printzipioa ezartzen zen: “Begia begiaren ordez, hagina haginaren ordez”.

Suak, gurean, esanahi berezia izan du eta du. Ahaideek, garbitzeko balio duela erakutsi ziguten, gaitza ezabatzeko, eta guk hala ikasi genuen: mendiak garbitzeko, adibidez, baina baita pentsamendu gaiztoak uxatzeko ere. Urte txarrari azkena emateko eta zori gaitzaren zikloa ixteko balia genezakeen edota desagerrarazi beharko genukeen ideia edo praktikaren bat errotik eraunsteko. Garbitzeko, alegia.

Bortxatzaileei sua ematea herriko plazan egingo litzatekeela irudikatu dut; herritarrek epaitzeko ahalmena beren esku hartu eta zigorra ezartzeko modua litzatekeela. Eta begi bistan da, eredugarria zatekeela. Bortxatzeko asmoz eta balentriak kontatzeko gogoz ari litezkeenei abisua helarazteko modu irmoa, ezbairik gabe.

Beharbada, burugabea irudituko zaio norbaiti, XXI. mendean, plaza erdian, erretzen ari garen pertsona bati begira gelditu gintezkeela pentsatzea bera ere. Haren agonia kontenplatzen. Gure begien aurrean dugun sufrimenduaz gozatzen, eta are okerragoa dena, ezer ere ez egiten.

Bada, halaxe somatzen eta irudikatzen ditut nik egoera zaurgarrian dauden emakumeak (eta emakumeak, oro har), kaleetan, etxeetan… erretzen ari garen pertsonak balira bezala. Emakumeen agonia kolektiboa kontenplatzen dugu egunero. Herriko edozein gunetan. Begi aurrean dauzkagu. Eta ezer gutxi dugu egiten. Bada, asmakeriak utz ditzagun alde batera eta egin dezagun galdera. Zer gertatuko litzateke egun hauetako batean, herri bateko plaza erdian, herritarrek (modu kolektiboan) bortxatzaile bati sua emango baliote? Asaldatu egingo ginateke? Benetan?