Ez dakit Espainiako Erresuman eskutitzak idaztea modan jarriko den Feijóo eta Sánchez jaunen arteko gutun trukea izan duen arrakasta (esateko modu bat da, besterik ez) ikusita. Ez dut uste. Sánchezek bigarren paragrafoan idatzi bezala, bide azkarragoak ditugu orain komunikazioa errazte aldera, komunikazioa nahi bada, behintzat. Nostalgian murgiltzeko aukera eman dezake aferak, eta gogoratu eskutitzak eta postalak idazten genituen garai hura (nik ezagutu dut), baina gaur egun edozerekin ohikoa den moduan, bi politikari horien gutunak meme-bazka baino ez dira izan. Ongi pentsatuta, ez legoke gaizki orain Feijóok bigarren gutun bat idaztea edo beste politikari batzuk eskutitzak idazten hastea, irakurgai dibertigarriak izango genituzke abuztu osorako.

Dena dela, Feijóoren eta Sánchezen gutunak ez dira benetakoak. Gutunen ezaugarri nagusia pribatutasuna zen, bi lagunen arteko harreman partikularra, eta postaren bortxaezintasuna demokraziaren eta giza eskubideen oinarrietako bat. Gutun horiek publikoak dira, are gehiago, publikoak izateko idazten dira, jende guztiak irakurtzeko, tranpatiak dira, beraz, eta propagandaren beste aldaera bat azken finean.

Deigarriena niretzat, eta barregarriena, bien arteko tratamendu desberdintasuna izan da: Feijóok gaztelaniazko hika (“tú”) erabili du, baina Sánchezek zuka (“usted”) aukeratu du erantzuteko, Sánchezi lehendabiziko garaipena eman dion kontua, argi eta garbi.

Nik, abuztuko irakurgaiak aberasteko asmo ezin zintzoagoz, euskal politikariei gutunak idaztea proposatuko nieke: Barkosek Chiviteri, Anduezak Ortuzarri, Otegik Egibarri, Chivitek Anduezari, zer dakit nik, aukerak amaigabeak dira, Urkullu lehendakariak, gainera, eskarmentua badu, gutun publikoak askotan idatzi izan baititu. Ikusgarria izango litzateke zer-nolako tratamendua hautatuko luketen idazleek, zuka neutroarekin konformatuko liratekeen edo xelebreren batek berorika zahar-dotorearen ausardia izango lukeen, ironia hasieratik garbi uzteko. Ziur naiz jatorren bat “Aupa hi” hasiko litzatekeela.