Koloretako egunak bizitzen ari gara. Udaberriko loreen eztandarenak iragan dira, nahiz eta oraindik landareen mikrokosmos horretako berdeaz gain kromatismo xelebreak dauden. Udazkeneko koloreak laster helduko dira, eta hostoen usteltze granateak eta marroixkak gure basoetako paisajea gorrituko dute. Negua urrun dago, gris mota askotako balantzearekin, gortina zuriaren isiltasunarekin.

Egunotan ere kolore asko ditugu, baina ez dugu ingurura begiratu behar, udako koloreak berotasun kiskalgarriak dakartzan alarma horiak, laranjak edota gorriak baitira.

Gero eta sarriagotan entzuten ditugu gure hedabideetan udako tenperaturen gaineko albiste kezkagarriak. Abisuak izaten dira orohar, osasunari kaltea ekarri ahal dioten arriskuak saihesteko neurriak izaten dira, infernuetako egun horien aurrean zer-nolako ohiturak hartu behar ditugun azaltzen dituztenak.

Badakizue, abanikoak erabili eta ur asko edan, etxea hoztuta mantendu eta ahal dela kalera egunaren erdiko orduetan ez irten (beti ikusiko dugu baten bat footing egiten). Horrelako ohar bereziak pertsonarik kalteberenentzat izaten dira, arnas aparatuan gaixotasunen bat daukaten adinekoentzat edota umeentzat ere. Baina adi egon behar da beti.

Badirudi ohitu behar izango garela horrelako egoera goriak nozitzera, eta muturreko tenperaturak, sute harrigarriak, marmoka portugesa horiek, ur falta nabariagoak, uzta ahul eta eskasak, sikate handiak eta bero larriak ekarriko dituen aldaketa progresiboak sentitzera eta ikustera, eta egunaren zati handi batean etxetik ez ateratzera.

Atzo izan genuen alarma laranjak tindaturiko egun izugarri horietako bat. Izan ere, Afrikatik oso haize beroa etorri omen zen. Afrikan jasaten ari direna nolakoa izango da?

Aldaketa klimatikoaren emaitzak bertan ditugu, pairatzen hasi gara. Agian, beranduegi denean, horrelako aholkuak ematen segituko dugu, ur asko edateko esanez, ura bera ere, gure ondasun preziatuenetako bat, galtzen eta urritzen hasia denean.

Bestela, erosi ezazue abaniko bat, eta arazoa konponduta!