Politikan helburuak ezartzea garrantzitsua da, garrantzitsuagoa bidea eta bidean asmatzea. Sentimendu desberdinak elkarrekin biziko diren Euskadi nahi dut, guztion artean eraikitako herri proiektua, partekatua. Desio dut herritarren borondatea bizikidetzaren oinarria izatea eta akordio zabalak baliagarriak gertatzea erronken aurrean. Egunero lantzen eta irabazten den etorkizuneko proiektu batean sinesten dut, denok gara goiz ireki eta zabal horren ezinbesteko parte eta. Elkarrekiko harremanaren eta interdependentziaren aldeko apustu irekian sinesten dut. Merezi baitu saiakerak. Zeren fedea ez baita ikustea ez duguna sinesten, amestutakoa egi bihurtzea baizik. Sinesten dut politikaren helburua pertsona dela, haren duintasuna eta ongizatea. Uste dut bizikidetza normalizatua behar duen gizartea dela gurea, etorkizun politiko partekatua bermatuko duen eszenatoki baten eraikuntza kudeatzekoa alajaina. Eta, horretarako, funtsezkoa iraganaren irakurketa kritikoa egitea, egindako akatsetatik ikasi egin behar. Ezin, beraz, jarraitu samina arrastaka eramaten. Erabilitako indarkeri politikoa irakurketa epikotik erabat biluztu beharra aldarrikatzen dut. Ez gaitezen tranpa eginaz iruzur tristagarri horretan murgildu ezta gatazkaren eufemismoak eragindako mina justifikatzen duen kontakizun justifikagarri bati heldu ere. Kaltetako gezurra historikoa baita. Berretsi behar indarkeriak mina besterik ez dakarrela. Ez duela ezer positiborik eraikitzeko balio. Errespetua eskatu behar zaiela euskaldun izan nahi duten euskaldunei eta baita espainiar izan nahi dutenei ere. Joko politikoaren arau demokratikoetan sinesten dut, halaber euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidean. Esku luzatuen alde egiten dut. Ez dut nahasten negoziatzea ahultasunarekin, uste dut negoziatzea bizkorra izatea dela eta osasungarria, ez traizioa. Ez zaizkit gustatzen inora ez daramaten bideak. Ez naiz fidatzen marra gorriekin ezta lokarri sanitarioekin ere, intoleranteei eta sektarioei jarri beharrekoak izan ezik.