Azken hamarkadetan ohiko alderdi politikoen eremutik kanpoko iritziek egitura politikoa hartu dute demokraziaren ordezkaritzara heltzeko. 1970eko hamarkada hartzen badugu abiaburu, Irango Islamiar Errepublikaren sorrerara itzuli ahal gara. Begiratu zer idatzi zuen 1979. urtean Anaitasuna aldizkarian Maria J. Estebanek.

“Jendea hasi zen ikusten bizimodu okzidentala eta modernismoaren markak zituztenak, dirua zutenak, ondo eta usteldurik bizi zirenak zirela. Eta apurka apurka irudi horrek beraien buruan lekutu zen. Urteak pasatu, eta argi ikusten ziren egoera horren ondorioak: jendeak, jende xeheak, modernizazioa, ustelkeria eta erlijioaren kontrako jarrera identifikatzen zituen; eta normala zenez, ustelkeria eta egoera sozial injustu horren kontra egiteko, gorengo maila horren beste ezaugarrien kontra egiten ere hasi zen. Laster, eta hau lau edo bost urte direla gertatu zen, jendea erlijiorantz bihurtzen hasi zen, gazteak, edo gutxienez gazte asko, oraingo munduari begiratu beharrean, aurreko ohiturei jarraitzera itzuli ziren”. Orduan idatzi zen modu-moduan ekarri dut hona pasartea, benetan merezi du-eta.

Harrezkero, Hungaria, Herbehereak, Frantzia, Italia… Argentina ditugu. Alferrik da “jende buruargiarentzako egunkari”etan adjektiboak ipintzea alderdi politikoen ohiko eremuetatik kanpo dabiltzanei, haien izenak belzteko. Alferrik da pegatina ideologikoak ipintzea, herri xehea gogaituta dagoelako gizartearentzako tresna barik euren burua helburu bihurtu duten alderdiekin. Zenbat eta laido gehiago jaurti Javier Mileiren aurka, orduan eta sendoago azalduko da herri xehearentzat.

“Eta zu gehiago”, “alderdi politiko hori (nirea ez dena) ustelduta dago” eta antzeko baieztapenek ez dute hori dioten alderdi politikoen burua indartzen, ezpada sistema ahultzen dute. Berandu izan baino lehen DEMOKRAZIArentzat, herri xeheak nahi eta behar dituen gurariei erantzun behar zaie. Bestela, Javier Milei eta antzekoek irabaziko dute.