Zalantzan jarri da hasieratik Prigozhinen hegazkin istripua benetako istripua izan denik, jende guztiak, mendebaldean batez ere, Putinen esku deabruzkoa ikusi baitu istripuaren atzean. Ulergarria da, alde batetik film eta serie gehiegi ikusi ditugulako (eta liburuak irakurri), eta, bestetik, informazioarekiko mesfidantza oinarrizko eta orokorra zabaldu delako gure munduan, historian zehar egon diren hamaika “hegazkin istripu” ez aipatzeagatik. DNA azterketen emaitzak eta nahi duzuen guztia aterata ere, zalantza beti egongo da hor. Analista zorrotzago batzuek ez dute Putinen errua hain argi ikusten, Putinen barruko etsaiak aipatu dituzte, adibidez, Putinen irudia gehiago zikindu nahi dutenak, presidente errusiarra kontu horietan, kontrakoak isiltzen alegia, azeriagoa dela argudiatuz, edo Wagner taldean bertan egon daitezkeen disidentziak eta ezinikusiak.

Nik azken hipotesi bat ez nuke baztertuko: Prigozhin ez zihoala hegazkin horretan, Prigozhin ez dela hil, eta hau guztia, DNA azterketak, hiletak, loreak eta doluminak, antzerki erraldoia dela gizonari beste bizialdi bat emateko, auskalo nork antolatuta, Prigozhinek berak, Putinek, Putinen barruko etsaiek, Wagner taldeak edo beste talderen batek. Film eta serie gehiegi ikusi ditugu (eta liburuak irakurri), eta batzuek gogoan daukagu oraindik zer gertatu zen Espainiako Erresumak izan duen espioi ospetsuenetako batekin, Paesa harekin, bere heriotzaren berri eman zutenean. Beraz, dena, eta kontrakoa, posible izan daiteke, baita hegazkin istripua istripua izen zela ere, besterik ez.

Wagner taldea eta Prigozhin hiltzaile eta anker bezain barregarri eta erridikulu agertu dira mendebaldeko hedabideetan (eta hala dira, ziur asko), baina berehala ahaztu zaigu Irakeko gerran, demagun, kontratista militar estatubatuarrek izan zuten papera. Mertzenarioak besteak dira beti, gureak, enpresa sortzaile ausartak, abaguneaz baliatzen dakitenak, garbiagoak eta ez hain ahoberoak. Kontratistak, izenak garrantzizkoak direla aspaldidanik dakigu.