Meteorologiaren eztanda berriak ikusten ari gara egunotan. Leku askotan uholdeak, eta urez beteriko erreka amorratuak ikusten ditugun bitartean, Saharatik etorritako gandu xelebreak gure zeruak tindatu ditu ia akromatismo espezial bat lortu arte.

Zein koloretakoa zen aurreko egun horretako ortzia? Dena kiskaltzen ari zela ematen zuen. Fikziozko pelikula askotako desertu itogarrietako atmosfera bera ematen zuen. Zorionez hauts-ganduak ekaitzaren erasoa pairatu behar izan zuen, eta airean zebiltzan partikula haiek guztiak desagertu ziren hurrengo goizerako, ehunka tximistek sorturiko argizko sinfoniaren azpian, euriak urturik.

Zeru garbiek lasaitasuna ematen dute. Aste honetako horrek zerbait arraro gertatzen ari zelako sentsazioa zabaldu zuen nonahi.

Gaur berton, zeruaren inguruko eguna ere ospatzen da. Badakizue egunero izaten dela ospakizun mundial bat, bada gaur, Zeru Urdin baten aldeko Aire Garbiaren Nazioarteko Eguna edo antzeko zerbait ospatzen ari gara. Bai, NBEren Batzar Nagusiak erabaki du irailaren 7a Aire Garbiaren Nazioarteko Eguna izendatzea, eta 2020tik aurrera “zeru urdin baten alde”. Hots, zerua kezkabidea da, agian kutsadura atmosferikoaren erruz bere urdintasun hori gero eta gutxiago ikusten ari garelako. Maila arruntaren mugaz haraindiko datuek arazo larri baten aurrean gaudela adierazten dute, eta horretan jarduten duten adituek neurri eta erantzukizun kolektiboak hartzeko beharra nabarmentzen dute.

Airea ere elementu estrategikotzat hartu behar da, herrien arteko lankidetza eraginkorrago bat bermatu dadin, eta mundu globalizatu honetako tenperatura muturreraino igo ez dadin. Era berean, nazioarteko eta eskualdeko lankidetza estrategikoaren beharra bermatu behar da, kutsadura atmosferikoari aurre egiteko neurriak aplikatzeko.

Airea guztiona da, guztiok arnasten eta partekatzen dugu aire bera, atmosfera komuna dugulako, eta horrek bizia ematen digu, modu batean edo bestean gure babesgarria baita, bizitzarako oinarri premiazkoena. Ez dadila gure mundua gandutu.