Ez, ez da akatsa. “Azken eskualduna” da goiburua. Berak halaxe kantatzen baitzuen: Gu eskualdunak gerade… Ez zen azalpen handitan galtzekoa. Hitz bakarrekoa, areago. Horregatik ziren, bereak, esanguratsuak. Ez zelako alferrikakoetan galtzen.

Zaletasun askokoa izan zen, guztietan ere asko aritutakoa, pilotan eta batez ere, futbolean. Baina bazuen beste zaletasun bat, kantua, bereziki zaintzeko eskatzen ziguna. Parrokiako koruan urte luzetan abestutakoa zen, latinez ere bai, azpimarra egingo zizun berak. Dena buruz ikasita. Kantuak eman omen zion berari, sabela eta paparra haizez bete eta zuen indar guztiarekin euskalduna zela lau haizetara oihu egiteko askatasuna. Bere partzela. Bere alea.

Sarritan jakitera eman zigun azken euskalduna zela sentitzen zuela. Herri txikitik hirira etortzean, herriko kaleetan eta tabernetan berak ezagutu zuen kanturako ohitura ez zuelako hirian bizitzerik izan. Etxekook ere ez dugulako kantuarekin jarraitu, berarekin mahai inguruan ez bazen. Eta hedabideek berriki jakitera eman digute, Euskal Herriko abesbatzak kinka larrian daudela. Berak ez zuen horren berririk, baina antzematen zuen.

Kantua euskaldun sentitzeko esperientzia fisikoa dela esaten zekien. Gorputza eta arima baino areago, gorputza eta izpiritua (bereizten zituen berak) gogobetetzen dituen ekitaldi askea. Euskaldun sentitzeko eta euskaldun izateko eskubidea erreibindikatzeko bere modua.

Horregatik, bere izena (gaztelaniaz jarri zioten gurasoek, besterik ez zegoen garaikoa baitzen) tilderik gabe jarri diogu eskelan. Etxean laguntzen zion zaindari erdaldunak esan digu gure aitonak askotan kantatzen ziola. Beti euskaraz (noizbehinka latinez ere bai) baina hizkuntza ezagutu ez izanagatik, ulertzen ziola. Izpiritua berotzen. Horrelako saiakera gehiago beharko liratekeela elkarren ulermenera heltzeko.

Euskal Herriko abesbatzei, bada, bultzada berri bat eman beharko zaie, lehenbizi, gu geuri euskaldun garela esaten lagundu diezaguten. Eta kantuarekin bizi izan diren euskaldunei buruz, azkenak izan direla aitortu beharrik ez dezagun izan.