Guztiok izan gara ume, ume txikiak, ume gaztetxoak, ez hain gaztetxoak, gazteak, ume nerabeak, ume helduak, ume helduagoak, ume xaharkituak, ume xaharrak, ume xaharragoak. Neurri batean ume hiltzen gara, ume joaten gara, ume goaz ez dakit nora, ez dakit norantz. Umeak beti ume. Baina. Beti dago baina bat geure bizitzetan. Ez da gauza bera ume helduak izan edota ume txikiak izan. Ez da gauza bera 7 urteko umea izan edota 77 urteko umea izan. Ez dut inoiz ulertu zergatik eta zertarako ume txikiak erabili ume helduen manifestaldi eta ume helduagoen manifestaldi edota aldarrikapenetan erabili, usatu edo maneiatu. Ezin konprenitu ume helduen eskaeretan ume txikiez baliatu beharra pankarten atzean, ala aurrean, oinez, dantzan edota kantari ez dakit zer abesten. Ume txikiek ezin ulertu ume helduek zer eskatzen duten, zer salatzen duten, zer aldarrikatzen dute, zergatik eta zertarako kaleratzen diren beste ume helduekin batera.

Ume txikiek ezin ulertu ume helduek zer oihukatzen duten beraien ahotsa bateratuz ozenki beti. Gorroto dut ume txikien ohiko erabilera hori, ohiko usadio hori, ohiko usantza hori. Gorroto erabilpen hori. Erabat. Arras. Erabilketa horrek lotsatzen nau, lotsarazten nau. Abenduaren lehen astekoak sutu nau. Pirritx, Porrotx eta Marimototx ume pailazoak “giltza kalean” leloarekin ume txikiak erabili dituzte lotsaren lotsaz, “presoak etxera” behin eta berriz oihukatuz salto, irribarrez, keinuz, alaitsuki beti ere. Ume helduak “presoak etxera errepikatuz eta ume txikiak dantzan jira-biran alaitsu ume helduen erritmora eta biraketan, eta biraketan.

Baina ume txikiek ezin jakin beraien ume helduak zer deritzoten. Eta zergatik. Presoak etxera. Giltza kalean dago, dugu, gara, zara eta zarete. Ume txikien poza ulergarritzat jotzen dut. Ume helduen arduragabekeri itsu eta txotxoloa ez. Eta ez. Umeak ume. Ume xaharrita naizen honek itxaropena ezin galdu: ume txiki hauek ez daitezen beraien oraingo ume helduagotan lez bilakatu. Arren. Umeak ume. Errespetua. Bedi.