Dinamarkako erregina Margarita II.ak kargua utzi behar zuela jakin bezain laster, urte berriari buruzko ikuspegia aldatu zitzaidan bat-batean, baina noraezean gelditu nintzen: ezin zehaztu, erreginaren iragarpena dela eta, urteak Erdi Arora eramango gaituen zuzenean, azken finean gutxik ukatuko dute errege-erreginen kontu hauek oso “ancien régime” direla, aspaldi zaharkitu baten hondarrak alegia, edo urte berriarekin disney-mundu bat zabalduko den gure aurrean, erregina amona maitagarriak eta printzez jantzitako printze gazte eta, mihi gaiztoek diotenez, kaskarinak osatutako ipuin ezti batean biziko garen hurrengo hilabeteotan unikornioz eta asmo onez inguraturik.

Bigarren aukera goxoegia, melenga eta, horregatik, okaztagarria izan daiteke, egun osoa eman beharko genuke kantuka ergelen moduan eta dragoiengandik ihesi (printzeak dragoi guztiak hil arte, jakina), baina lehendabizikoa, Erdi Arokoa, beldurgarriagoa izango litzateke: gerrak, izurriteak, uzta txarrak, fanatismo erlijiosoak, jauntxokeriak, agintarien gehiegikeriak eta abar. Egia esan, gure gaurko munduan horiek eta gehiago ditugunez, erraz moldatuko ginateke. Egunkari batek atera du aurten izango ditugun hamar gerra nagusien zerrenda: Palestina, Ukraina, Sahara, Siria, Sudan, Etiopia, Myanmar, Nagorno Karabakh, Yemen eta Burkina Faso. Hamar aukeratu dute zenbaki biribilekin liluraturik gaudelako, gerrak, baina, ez dira hunkitzen matematikaren edertasunarekin. Izurritea zer den badakigu, eta larrialdi klimatikoak izurrite gehiago eta uzta txarrak oparituko dizkigula ezin du ia inork ukatu, negazionistek salbu (bide batez, negazionismoa ere ez da oso Erdi Arokoa?).

Baina ez, ez disney-mundurik, ez Erdi Arorik, gure mundua mende honetakoa da, eta horrek agian izugarriago egiten du, prest baikaude asmazio, irudimen eta iragan guztiak gainditu eta errekor guztiak, metereologikoak barne, txiki uzteko.

Bestela, urte berria ondo, ezta? Pirotekniak piztutako sutea hemen, lurrikara Japonian, ume jaio berriak hemen eta Japonian. Betikoa.