Bizkarroiak beharrezkoak dira naturan (edo izadian); animalia batengandik bizimodua ateratzen duten organismoak dira bizkarroiak. Horrelaxe ulertzen dugu sinbiosia. Wikipediatik dakigunez, sinbiosi deritzo bi organismo edo gehiagoren arteko epe luzerako harreman biologiko estuari. Sinbiosian parte hartzen duten organismoetako bakoitzari “sinbionte” deritzo, eta sinbionte horiek espezie berekoak edo espezie ezberdinetakoak izan daitezke. Horraino Wikipediaren definizioa. Hemendik aurrera (edo atzera, espazioa edo denbora kontuan hartzen badugu), ekar dezagun hizpidera gizakiok naturatik ikasi eta geure arteko harremanetara ekarri duguna,

Betiere, sinbiosia izaki edo organismo biri dagokie; bestela esanda, baldin eta bizkarroiak etekina ateratzen badu berak ustiatzen duen animaliarengandik, eta animalia horrek bizkarroiari etekina ateratzen badio, horrek esan nahi du elkarren laguntasunean bizi direla eta elkarren onuran dihardutela. Errazago esanda: gure arteko akordioak bioi digu. Esan dezagun honetara: etekinik ateratzen ez badiogu elkarri, bizimodu horrek ez du aurrerabiderik. Bestela esanda: negozio batek, iraungo badu, hartan parte hartzen duten guztiei eman behar die onura. Onura horrek ez du zertan berdina izan alde bientzat, baina alderdi bioi aukera eskaini behar die, bitzuek iraun dezaten tratuan. Bestela, ez da traturik.

Hori guztia gaur egungo politikaren inguruetara ekarrita, lotsa naiz esaten gizakumeon arteko iskanbiletan baten edo bestearen bandokoa naizen. Lotsa naiz arrazoia (nire ustez) daukanaren alde edo indarra (nik kalkulatzen dudan neurrian) duenaren alde egin behar dudan. Eta gizakumea naizen neurrian itaun hau egiten diot neure buruari: zer naiz ni inoren aurrean, gai ez banaiz nire-neure buruaren aurrean gizon agertzeko? Eta itaun gordinagoa egin behar diot neure buruari: hori guztia onartu eta gero nor haiz hi heure barruan? Eta egunak badoazkigu guztioi geure lagunik eta etsairik handienari itaunik egin barik.