Urte berria hastearekin batera, egin ditugu porrak eta prestatu ditugu desio zerrendak; emakumearen aurkako indarkeria da urte berrian desagertzea nahiko genukeen gai nagusietako bat. Asko izan dira egunotan gai honen inguruan aipatutakoak eta are gehiago gaiak sorrarazten dituen galderak eta erruduntzat jotzen ditugun arrazoiak.

Tupustean, amona etorri zait burura. Nola izan nintzen gogorregia berarekin. Matxista bat baitzen senarrari aparte ematen ziolako jaten (seme-alaben eta biloben builatik aparte). Etxeko gozoak gizonari bakarrik ematen zizkiolako (kutxa berezi batean izaten zituen gordeta, armairuaren gorengoko apalean, inork ez hartzeko moduan). Ez ziolako inoiz erantzuten. Etxeko bakea lehenesten zuelako, gauza ororen gainetik.

Berarengandik ikasi nituen, ordea, orduan lezio merkeak iruditu zitzaizkidan arren, “piztia” ez esnatzearen abantailak. Eta berari entzunak ditut emakumeak azti edo sorgin izateko dituen ezkutuko moduak. Unibertso paralelo baten bizitzeaz ziharduela iruditzen zitzaidan askotan. Botere guneak ondo zehaztu eta hauek erdibitzeaz. Arren, ez aurre egin, izango zen bere gomendioa. Eta, hala, komeni zaizuna egingo duzu. Eskutara ezer eraman beharrik gabe.

Bai, matxista zen. Eta argia. Zegoenari neurria hartzen zekiena. Bere bidea egiten ikasi zuena. Eta erakusteaz ere arduratu zena. Neurrian. Argia denak ez baitu azalpen gehiegirik behar, izaten zen bere desenkusa. Gaur ere, piztiak pizti izaten jarraitzen du. Baina, orain, inguratuta sentitzen du bere burua. Eta inguratuta sentitzen denean, eraso egiten du. Inoiz baino gehiago. Sekula baino bortitzago. Are eta basatiago eta primarioago agertuz. Bere botere eremua galtzeko beldur.

Piztiak otzantzeko domatzaile prestuak behar dira eta zirkuko karpa asko. Txalo egiten duen publikoaren aurrean erakutsi behar zaie botere eremuak bereizten eta partekatzen. Txaloak noiz diren beraientzako eta noiz besteentzako ulertzen eta onartzen. Karpapeko fokupean domatu behar dira piztiak. Izarren pare. Gustukoen duten botikarekin.

Eta halaxe egingo da komeni dena.