Erraldoiak ere erortzen dira, bai, nahiz eta erorikoa kalkulatua eta moteldua izan. Gérard Depardieu kasuak Frantzia erdibituta omen dauka. Eta ez aldekoen edo kontrakoen artean, preseski. Baizik eta biktimek salatutakoak egiak izanez gero, Frantziaren izen ona ezbaian gelditzearen beldur direnen eta biktimen alde egoteaz gain, Frantziak bestelako balio batzuk ordezkatu behar dituela pentsatzen dutenen artean baizik.

Macron Frantziako presidenteak ere kasu honetan esku hartu behar izan du, Frantzia ez dadin zatitu. Depardieu-ren izenari interes gehiegi daude lotuta, izan ere, Frantziaren ikonoetako bat dela esatea ez baita ahoa gehiegi irekitzea. Frantziaren balio behinenak berak bilbatzen dituela sarri askotan indartutako ideia izan da. Beraz, orain, aktorearen errugabetasun-presuntzioari oratu beharra dago, bestelakorik gailentzen ez den bitartean. Asteon ikusi dugu, ordea, bestelakoak nola gailentzen diren. Trump-ek, Estatu Batuetako presidente ohiak, 83 milioi dolar ordaindu beharko du ez biktimak salatutako sexu erasoengatik, haren izen ona difamatzeagatik baizik.

Ustez handiak diren erraldoi hauei sexu erasotzailearen txintxarria jartzea ia ezinezkoa da. Beste edozer, hori aitortzea baino. Eta ez judizialki bakarrik. Baizik eta ekonomikoki, politikoki, kulturalki…. Galdetu beharko genuke beharbada, erraldoi hauei Ordre national du Mérite bezalako aintzatespenak egiten zaizkienean, kontuan hartzen ote den, baita, bestelako affaire delakoetan ere (hala izendatu du Macron presidenteak) tatxa gabeak ote diren. Adibidez.

Ezezkoan nago. Orduan ere, interes ekonomiko, politiko eta kulturalak gailentzen direla, eta beste aldera begiratzen. Eta orain zaila da hori guztia bazekitela onartzea. Horregatik erdibitu liteke Frantzia bezalako herri bat. Biktimen salaketetan sinesten dutenek iseka egiten diotelako erraldoiaren oinarririk gabeko errugabetasun-presuntzioari.

Erraldoia eroriko da eta, berarekin batera, Frantzia. Nahiz eta ondo kalkulatuta eta trapezistaren sare malguan izango den.