Zer gertatuko zen lehengo astean Nafarroako errepide batean guardia zibilei desobeditu eta haien kotxea bide erditik bultzaka kendu zutenak nekazariak izan beharrean fabrika bateko langileak edo militante ekologistak izan balira? Eta Maria Chiviteren etxean eskratxea egin zutenak euskal edo katalan independentistak izan balira? Inondik ere, festa pilotakadaka bukatuko zen, dozena erdi atxilotu izanen zirendagoeneko eta epailearen aitzinera agertzeko hamaika manamendu bidean. Horrez gain, terroristakaariko ziren hedabideak, eztarria urratu beharrean. Landa aldeko jendeakesku leunez tratatu ohi dira Europako mendebaldean, baita haserretzen delarik ere. Horrek ez du erran nahi haiekin hain ezti jokatzen duten politikariek gero adarra jotzen ez dietenik. Eta herritarrak? Orokorrean, sektorearen kexekin bat egiten dutela aditu dut egun hauetan. Egiazki ez dakit noraino. Nago hirietako biztanle frankok barbaroak etorri balira bezala bizi izan dutela azken egun hauek. Ez diote hiriari su eman. Ez dute jendea hil edo bortxatu. Traba pixka bat baizik ez diete egin gure joan-etorriei. Hala ere, bazuen zerbait asaldagarria traktore mando horiek lerro-lerro aparkaturik ikusteakhiriburuko etorbide nagusietan. Sistemaren kontrako edozein matxinada-zantzu,baita irrigarriena ere, txalotzeko prest dagoen lagun aunitz hotz, hagitz hotz, nabaritu dut egun hauetan laborarien protesten aldera. Harritzekorik ez. Haien errebindikazio batzuetan eta zenbait bozeramaileren aldarrietan aise nabari zen eskuin muturraren kiratsa eta nekazaritzaren makro industriaren itzala. Hain kasuistika desberdinak biltzen dituen kolektibo baten barnean nola “gutarra“ bereizi? Pena litzateke gure hoztasunak are eskuinerago bulkatzea historikoki oso aurrerazale agertu ez den kolektiboa. Ez dezagun ahantz. Ehuneko handi batean arrazoia dute errepideetara atera diren laborariek. Handi-handi batean.