Rafa Nadalek dio ados dagoela emakume eta gizonen berdintasunarekin, bai kirolean eta bai beste eremu guztietan, baina ez dagoela ados “opariekin”, batzuk eta besteek eragiten dutena ez delako berdina eta bakoitzak azkenean sortzen duen horren araberako ordaina jaso behar duelako. Suposatzen dut Nadalek ez diola inoiz bere buruari galdetu gizon izateagatik bizitzan jaso dituen opari eta pribilegioez. Ez duela inoiz pentsatu kirolari profesionala izateko mutil bati eskaintzen zaion bidea eta neska bati eskaintzen zaiona guztiz ezberdinak direla. Agian uste du posizio beretik abiatzen direla batak eta besteak eta merkatuari utzi behar zaiola erabakitzen nork merezi duen zer eta zenbat. Suposatzen dut Nadalentzat kasualitatea dela neska askok nerabe direnean kirola uztea, edo jarraituz gero hainbat oztopo gainditu behar izatea.

Zein arriskutsua den opariez hitz egitea zure pribilegioak onartzen ez dituzunean, ez zarenean ohartzen inguruan dituzun emakumeek baino mila aldiz errazagoa izan duzula. Berdintasuna bai, dio Nadalek, baina muturrera iritsi gabe... Batzuetan harritu egiten nau pertsona batzuk berdintasunaz hitz egiten entzuteak, ez dakit zenbateraino jabetzen diren euren itsutasunaz. Duela urte batzuk ere Nadalek esan zuen seme edo alaba bat izateak ez ziola eragingo arlo profesionalean, konturatu gabe esaldi horretan bere pribilegioen esentzia jasotzen zela, besteak beste, zaintza ez dela bere zeregina.

Ez nindukete beldurtuko Nadalen adierazpenek, ez balira iritsiko berdintasunaren kontrako kanpaina gero eta zabalago baten erdian. Zenbat eta zenbat hasi diren feminismoarekin deseroso daudela aitortzen… Berdintasunaren “moda” noiz bukatuko zain daude. Gehiegi irauten ei dago, muturretara heltzen omen dago. Inork ez die esan normala dela feminismoak, gizartea eraldatu nahi duen mugimendu den heinean, deserosotasuna sortaraztea gauzak berdin irautea nahi dutenen artean. Nadal ez da ohartzen ez lukeela izango daukan arrakasta gizon jaio izan ez balitz. “Opari” hori jaso ez balu.