Adin txikiko alabak hautsitako familientzako antolatutako elkargunean uzten ditu, bikote ohiak han jaso ditzan. Elkargunetik aldentzen denean ez duela atzera begiratzen aitortu izan digu. Ez badu bere partea betetzen, horretarako dago epailea.

Guri, epailearen figura, azkena iruditzen. Baina eguneroko ogia omen. Ama honek behin kontatu zigun, alabetako bat gimnasia erritmikako klasera apuntatu zuela. Klaseok doan zirela, probatzeko, Gabonak arte. Gabonak heldu ziren ordea eta alabak, amari erregutu, klaseetara joaten jarraitu nahi zuela. Entrenatzaileak jakinarazi zion orduan amari, baldintzak zeintzuk ziren: hileko kuota eta kuotaz gain, agerraldietarako beharrezkoak ziren maillota eta punterak. Ama oihuka aritu zitzaigun esaten, ziria sartu ziotela. Probarako klasea doan dela esan ziotenean jakinarazi beharko ziotela, gerora, kuotaz gain, zeintzuk ziratekeen bestelako gastuak. Extra haiek ez zituen amak kontuan hartu eta, alabari, ezezkoa eman behar izan zion.

Beste alaba musika ikasten sartu zuen: solfeoa, batetik, eta zeharkako flauta, bestetik. Eta momentu batean eskatu zion alabari, bi eskolaz kanpoko gehiegi zirela eta bat utzi beharra zuela. Alabak, badirudi, flauta aukeratu zuela. Eta solfeoko irakasleak adierazi zion, alabak ibilbide motza izango zuela flautako eskolara bakarrik joanda. Solfeorik gabe, mugak berehala agertuko zitzaizkiola. Amak, ostera, alaba oso argia zela argudiatu zion irakasleari, eta teoria praktikarekin gaindituko zuela.

Orain jakin dugu, banatutako bikoteek epailearen aurrean hartzen dituzten erabakien %47a seme-alaben ikastetxea aukeratzeko edota eskolaz kanpoko jardueren gainekoak izaten direla.

Seme-alabek, alegia, gurasoek epailearen aurrean adosten dutenaren arabera ikasten dutela toki batean edo bestean eta egiten dutela eskolaz kanpoko jarduera bat edo bestea. Familien elkargunerako espazioan gaztetxoak zain ikusten ditudanean, galdetzen dut, amarekin edo aitarekin tokatzen zaien astea nola irudikatu behar duten. Zein epe motzekoak izan behar duten haien ametsak.