Artazutik abiaturik, aitatxik zazpi ordutan egin ohi zuen ibilbidea zazpi egunetan urratu du bilobak, Iruñerriko mugaldeetatik Andimendira joateko, bidea eta bideari loturiko kontuak ahanzturatik erauzteko. Mugaldea bai, Artazu ardo herria baita, Iruñerritik kanpo. Beraskoain aldea, berriz, txakolin herria, hau da, funts handirik gabeko ardoen lurraldea. Sugarrek mendi-bazterrak kiskali eta astebetera lotu zitzaion biloba sasiek jandako bideari, Paolo astoa lagun harturik eta, asto gainean, bertzeak bertze, kaiku bat, iragazki bat eta irrati bat garraiaturik. Ibilian, bertzeak bertze, Sorakoitz herri hutsa, Argiñaritz okin herria (gutxigatik sugarretatik salbatua), Beraskoaingo zubia, XIX. mendeko karlistaldien lekuko (harriak mintzatuko balira), Bidaurreta gaineko Sorginantza paraje misteriotsuari darion soinua, lehenago inor ez baitzen menturatzen hara joatera, eta, egun, huraxe zeharkatu bai, baina nekez egiten du inork geldialdirik. Ondoren, Jaizko gatza, Goñerri, eta, ustekabean, Andimendiko lainoa. Ibilian ere, jendea eta jendearen istorioak, denboraren joanak oraindik eraman ez dituenak: 103 urteko gizonaren gerra-zauriak edota gizon fusilatzailearen inguruko istorio ikaragarria. Eta denetariko soinuak; konparaziora, haizeak magalean beheiti labaintzean egiten duen zinzin hotsa, harriak leize sakonera erortzean sortzen duen durrun-durrun hotsa edota tximistak mendi kasko bat jotzean egiten duen karratz hotsa. Akaberan, zain, artzaina, lehenago Andimendin zeuden ehunetik gora artzainen oinordeko bakarra, ehunka ardi bururen jabea, 300 gaztaren egilea, Mallo Zaharraren azpian jaioa. Xehetasun sotilez beteriko ibilia, soinuek etengabe euskararen gaineko oroitzapena dakartela, oroitzapen berreskuratua eta, orain, Oskar Alegriaren ezpainetan biziberritua, iragana orainarekin lotzeko.