Añorgako etxeaz ari nintzen. Haurtzaroa eta nerabe garaiak garunean eta bihotzean. Goian, menduan gora beste lau etxe ilaran, Altunatarrak, Goldarazenatarrak, Lasagatarrak eta beste laugarren bat, ahaztuta jada bere izena. Lasagatarrak, nafarrak ziren, Rafael zaharrena, gizon adeitsua, guztiz euskalduna, euskara zoragarria zuena hain zuzen. Rafael Lasagak sagardoa egin ohi zuen, bere zirrara dastatzera mendi aldapatsua igotzen genuen hiru anai-arrebok pozik, alai, irrikaz. Zirrara goxoaren zaporea eztarrian eta garunean daukat oraingoz. Rafael Lasagak seme bat zuen Luis, beti motoan. N-1 batera ematen zuten lau leihoetatik eta errepidetik beste aldean Futbol zelai ikus zitekeen eta igandero lehiaketak baita ikusi ere. Aurrez aurre ere Zine handia, eta hantxe eskuinetara frontoia.

Casa de obreros número 4 zen helbide zehatza. Añorga auzoa. Baina, beti dago baina bat bizitzan, N-1 errepidea zabaldu eta txukuntzean ilarako lau etxeak bota egin zituzten. Orain ez daude. Beraien ordez ur gardeneko errekatxo ikus daiteke Ibaetaraino doana Unibertsitateetako fakultateen aurretik konportara abiatzen dena eta Ondarreta hondartzara doana. Errepidetik autoz pasatzen naizen bakoitzean abiadura moteltzen dut, eskuinetara begiratuz dena berdin, frontoia, futbol zelaia, zinea, baina, baina ezkerretara begiratzean nostalgiak jota hortxe ez dagoen, baina bere garaian zegoen etxea datorkit burura eta Joxemanuel haurra ikusten dut, eta Arantxita arreba gaztea, eta Juanramon anai txikiena. Manuel, Ramona, Mirentxu, Joakin, Xixili ama, Inosen aita eternitatean deritzon leku-espazio horretan datzate aspaldi. Etxea.

Begiak itxi eta ikusten dut zehaztasun harrigarri batez bere izkina, mahia, aulki, armairu eta txokolatea gordeta egoten zen kaxatxoa. Eta Inosen aitak eta Joakin osabak igandetan bazkaldu ondoren hartzen zuten anis del mono botilatxoa ikusten dut ukitzeraino, usaintzeraino. Etxeetan etxeena Añorgako etxea mundu honetan jarraituko dudan bitartean. Hantxe koskortu nintzen. Etxea.