Hirian bizi garenok urrunera begiratzeko ohitura galdu omen dugu. Eraikinez inguratuta, ahaztu egiten dugu hor atzean zerumuga bat dagoela, mendi batzuk urrunean eta haien gainean hodeiak, eguzkia... Epe laburreko begirada geratu omen zaigu, galdu egin dugu landa eremuko jendeak urrutira begiratzeko duen ahalmen hori. Batzuetan uste dut zentzu guztietan galdu dugula.

Buruan hurrengo geltokia dugula egiten dugu aurrera, baina konturatu gabe zein den hartzen ari garen norabidea eta norabide horrek epe luzera ze lekutara eramango gaituen. Erabaki txikiak hartzen ditugu egunero, gure ingurua eta bizitza aldatzen ari direla sumatu gabe, baina egun batean, hara, espero ez genuen eta gustatzen ez zaigun eszenatoki batean ikusten dugu geure burua. Baina nola iritsi naiz ni hona?, galdetzen diogu geure buruari. Ba poliki-poliki iritsi gara, argi motzekin eta iparrorratzik gabe.

Horregatik gustatzen zait urrutira begiratzen duen jendea, aurrean duenak itsutzen ez duena, erlatibizatzen dakiena, perspektiba duena, epe luzera pentsatzen duena… Lagunen batekin haserretzen denean, adibidez, unean uneko gatazkarekin itsutu ordez, urrutira begiratzen dakiena, harreman horren iragan eta etorkizuna ikusteko gaitasuna duena, adiskidetasun horren ibilbide osoa, eta hori kontuan hartuta erabakitzen duena haserretzea merezi duen ala ez.

Gustatzen zait begietara begiratzen dizutenean ere urrutira begira daudela ematen duen jendea, zure aurpegitik eta zure itxuratik harago begiratzen duena. Barrurago. Begirada batekin pertsona bakar egiten zaituen esentzia ikusten saiatzen dena. Estetikoki moldatu ezin den esentziaren bila ari dena.

Urrutira begiratzen duen jendea gustatzen zait, distantzian baitago batzuetan hurbilena, gehien maite duguna. Izan ere, landako jendeak ondo dakienez, zeruertzera begira, bihar zer datorren asmatzeko gaitasuna izan dezakegu.