Capital Power, Arena Power Solar, Enigma Green Power, Capital Energy, Solaria... energiaren ustiaketarako sortu diren makroenpresen izenak dira. Izen bitxiak, niri mesfidantza sorrarazten didatenak. Bada, horiek egin nahi dituzten business gaineko albisteak egunero agertzen dira hedabideetan. Modu mehatxagarrian gainera, han-hemenka parke eolikoak egin nahi dituztelako, ingurune eta lurralde zati bat betiko akabatuz.

Azken aldiko albisteen artean agertu da Aramaio, Legutio, Eskoriatza eta Leintz-Gatzaga artean, Jarindo mendiaren inguruan (beti dira mendiak kaltetuenak) parke eoliko berri bat egin nahi dutela, Capital Energyk bultzatuta. Eta hortik tiraka ere badirudi erroten katea Legutio, Otxandio eta Ubideraino ere luzatu nahi dutela.

Mendi zoragarri horietan guztietan tamaina handiko txikizio progresiboa egingo dute, eta behin han izan den bioaniztasun basatia desagertu egingo da.

Hernanin eta Eibarren ere parke eolikoak jartzeko baimenak bidean dira. Gipuzkoan parke eoliko egiteko aurkeztu diren eskaerak zazpi dira. Gure paisaia aerosorgailuz bete nahi dute.

Arabako hainbat eskualdetako biztanleak ere hasi dira mugitzen. Han alarma piztu da azpiegitura fotovoltaiko batzuk ezartzeko proiektua baitago. Antza denez, eguzki plakez bete nahi dute lur zati handi bat (310.000 eguzki panel inguru) eta bertan sortutako energia Bizkaiko kostalderaino eraman tentsio handiko lineen bidez. Dorre elektriko horiek Zuiako aran txikietan barna eraiki nahi omen dituzte, eta hortik Bizkairaino. Itzela litzateke aurrera egingo balu zentzugabekeria horrek.

Azpiegitura horiek guztiak sortzen duen inpaktu negatiboa (ekosistemak, hegaztiak, herritarren bizi-kalitatea) zertan den neurtu daitekeela uste al dute? Garenarekiko errespetua galdu da erabat, gure lurraldearekikoa ere bai. Benetako balioa lurrak ematen digu, eta pilotu automatikoa jarrita duten balizko makroproiektu sasi-ekologiko horiek, betiko legez, batzuen poltsikoak betetzeko helburua dute. Teknologia berriztagarriak, berriak diren heinean, ezin dira suntsitzaileak izan, eta trantsizio energetikoak, maila guztietan, hobetzea eta aurrerabidea ekarri beharko ditu ezinbestez.