Denok noizbait erabili izan dugun esamolde bat da, bazterketan amaitu zen norbait erreferentzia eginez, egun batean izan zuen arrakastak edota ospeak irentsita: hautsitako jostailu gizajoa. Kazetaritza-erretorikan bereziki erabiltzen ohi da, gainbehera egindako goi mailako-kirolariaz aipatzen. Arrakastaren txanponaren beste aldea dira: balentria gogoangarrien jabeak, prentsa sentsazionalistaren eskakizunen neurrira tragikomedia baten aktoreak izaten bukatzen dinerak. Adibidez: Urtain, Madrilen bizi zen eraikineko hamargarren solairutik jaurtiki zena; Jesus Rollanek, 2004an erretiratu zen arte munduko waterpoloko atezainik onena, bere buruaz beste egin zuen bi urte geroago; Luis Ocaña txirrindulari handiak, buruan tiro bat jo zuen 48 urterekin; beste handia, Marcos Pantanik, hotel-gela batean hil zen duela aurten 20 urte kokaina eta bakardade gaindosiaz; edo Yago Lamela atleta, 36 urterekin hilda, depresio sakon baten erdian; etabar, etabar. Biziki miretsiak izatetik errukia, jakin-mina edo arbuioa sortzera igaro ziren. Bizi-zerumugarik gabe, haien helbururik nagusiena hurrengo egunera iristea zen besterik ez, bost axola zein bidesaria ordaindu behar, zein lasterbide hartzea. Eta hori, munduko gainerakoen begirada zorrotz-pean uneoro, bai presio jasanezina.

Horixe pentsatu nuen, Javi de Pedrok, Errealeko jokalari ohiak, indarkeria matxista delituagatik zigortutako espetxeratzearen albistea ezagutzean. Sekulako futbolaria, taldekideek eta zaleek asko maite zutena, baina, batez ere futboletik erretiratu ondoren, bere bizitzako ibilbidea aldapa behera etengabea bihurtu zuena. Garai ilunak, bizitza gehiegi galduak… Azken urteotan, zorionez, goi mailako kirolean zein kirol-formakuntzan gauzak aldatzen ari direla dirudi, osasun mentala aipatzea normalizatu egin baita. Besteak beste, Simone Biles eta Ricky Rubio kirolarien adibidea: publikoki haien hauskortasuna aitortuz, behin-betiko garaipena lortu dute, beste guztiak ere irabazle bihurtuz. Orain bai, citius, altius, fortius.