Smart kalea” pertsonen eguneroko zenbaketa-datuak erregistratzen dituen sistemak erraztutako datuen arabera, 2023ko abuztuan, Donostiako alde zaharrean, egunero, 160.154 pertsona kontatu omen ziren batez beste. Uztailean 131.802 eta irailean 99.291. 

Donostiako Euskal Herrian Euskaraz taldeak, bideo-esperimentu baten bidez erakutsi digu alderdi zaharreko merkataritza gune ezberdinetan euskaraz eskatuz gero, zer nolako zailtasunak dauden euskaraz bizi ahal izateko. Askotan, euskaraz ez dutela ulertzen entzun behar izan dute eta, beste askotan, euskaraz ulertu arren, erantzuna gaztelaniaz jaso dute. Donostiako alde zaharreko egoera erakusgarri egin nahi izan duen bideoa ezagutzera emateaz gain, EHEko kideek turismoaren masifikazioa eta turismo eredua izan dute hizpide. Eta esperimentuaren emaitzez kezkatuta, euskaraz non egin ote dezakegun galdetzen dute Donostiako alde zaharrean ez bada posible. Turista olatuari, ordea, etorkinen efektua gehitu behar zaio, alde zaharrean zerbitzua eskaintzen duen langile asko euskara ikasi ez duten etorkinak baitira.

Aurreko urte luzeetan, Euskal Herria mapan jartzearen beharraz hitz egin dugu. Gure herriaren berezitasunak ezagutzera emateaz eta berezitasun horiek erakargarri egiteaz. Esango nuke ondo saldu direla berezitasun batzuk: paisaia eta gastronomia, kasu. Baina zer egin dugu euskararekin? Zer daki turistak hemengo hizkuntzaz? Oinarrizko hiztegia oparitzeaz harago, zer eskaintzen zaie? Eta alderdi zaharrean lan egitera hurbiltzen direnei? 

Europan badira herrialdeak, zure hizkuntzara gerturatzeko saiakera egiten dutenak. Turista gisa, beharbada, eskertuko duzu gaztelaniaz egin diezazuten, baina zenbat du esperientzia horrek benetakotasunetik? Badira, ostera, beste herrialde batzuk, beren hizkuntzan zerbitzatzen zaituztenak. Esperientzia benetakoagoa biziarazten dizutenak. Aukeran, bigarren hauek nahiago, ezta?

Euskaraz aritzeko arnasguneak identifikatu eta babestu behar ditugu. Eta datozen guztiei, (turista, etorkin, bertoko) arnasgune batean bizitzeko esperientzia eskaini. Tipikoa izan liteke, adibidez, pintxo bat euskaraz eskatzeko esperientzia biziaraztea.