Bi bidaiari zeramatzan autoa aitzina egin ezinik gelditu zen lehengo larunbat arratsean, Urbasan, Ubabako begiratokitik hurbil. Pilatosen balkoia ere erraten zaio bazter horri. GPSari kasu eginez, pistaz pista ibiliak ziren kotxea lokatzean trabatu zitzaien arte. Itxuraz, ez zuten berehala laguntza eskatu, atakatik beren kabuz ateratzeko gauza izanen zirelakoan. Orduak joan orduak etorri etsi zuten noizbait. Gauerdian lotu ahal izan zitzaizkion berriz bideari, Lizarrako suhiltzaileei esker. Hurrengo batean, zuhurrago ibiliko dira eguna, tokia eta ibilgailua –edo ibilgailu eza– hautatzen, Urbasa bezalako bertze toki apartaren bat inguratu nahi badute.

Gorriagoak ikusi zituen egun berean Zumaia aldeko labar batetik Ertzaintzaren helikopteroak atera zuen lagunak. Euskal kostaldeko flysch ikusgarria ezagutu nahian zebilen, nonbait, urak inguratu zuenean. Itsasoak hurrupatua izateko zorian zegoela etorri zitzaion salbamena. Baietz nafarra izan. Marea aldakorren berri ez zuen, bederen. Izan balu, jakinen zuen itsasbeheran hondartza zabala ematen duenak urpean gelditzeko arriskua duela itsasgoran. Ez zaio ahantziko bertzelako bitxikeria geologiko bat hurbildik miretsi nahi duen hurrengoan.

Uda etorri da eta udarekin batera gisa horretako istorioak ugaritu gure prentsan. Ez dute beti izaten amaiera zoriontsurik, oraingo bi hauek bezala. Hala ere, zoritxarraren beldurrak ez gaitzala etxe barnean atxiki, eta bai, aldiz, tentu handiagoz ibiltzeko sena pitzarazi. Uda ohikotik kanpoko erokeria ttikiak egiteko garaia ere bada, gure flycha ezagutzea edo Urbasan barna paseatzea bezain abentura apalak izanik ere. Bakoitzak berea bizi dezala, bakoitzak bere ustekabe atsegingarria, bere lurralde ezezaguna, udazkenaren hitsean eta neguaren beltzean oroimena argituko diguna.

Irailean ikusiko.