Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Udakoak

UdakoakPexels

Udako sasoi sargoritsua hemen da. Goizeko freskura atoan deuseztatzen du bero kiskalgarriak. Oporraldia deika dago, eta jende andana maleten prestaketa astunetan ibiltzen da buru-belarri. Bilboko kaleetako espaloietan azal zuriko turista taldeak ibiltzen dira harat-honat, erdi galduta batzuk, ederki kokatuta beste batzuk.

Denak dekorazio modernoko tokietara joaten dira. Ahoz ahoko informazioak, gero sare tipikoetan zabaltzen denak, oso ondo funtzionatzen omen du, eta horren ondorioz, denak metatzen dira erakarpen turistikoak konfekzionatzen dituzten toki zinez turistikoetan, turistentzako atrezzoarekin, turista alternatiboak direla sinistuta.

Adibidez, anitzetan ohartzen naiz gosaltzeko toki cool horrelako batean biltzen direla guztiak, herriko usaina ez duen horietariko batean. Aurretik iragatean denak kanpotarrak direla jabetzen naiz, eta kafetegi hori Hanburgoko, Frankfurteko, Osloko edota Reykjavikeko kale cool batean egon litekeela ere sentitzen dut. Baina ez, Bilbon dago.

Masifikazioa izango da hurrengo urratsa. Kafetegi horretan ilarak egiten dituzte gosaldu ahal izateko, besteren bat ez balego bezala. Horretan nahi dute, bestela zerbait berezi eta xarmagarri galtzen ari direlako sentsazioa izango dute.

Uda ere sasoi kuriosoa da politikan. Gaurko egunetan betiko zirko nazkagarria ari dira muntatzen ultraeskuindarrak, eskrupulurik gabeko jendilaje hori. PP alderdiak bere hautsak alfonbraren azpian gorde ditu, eta beste batenak ikusi nahi ditu agerian. Alderdi korrupto hori faltsukerietako magoa da, eskapismoko aktorerik onena da, eta bere etxeko zerbait desatsegin edo eskandaluzkoa bada distrakzioa bilatzen du fokua beste norbaitengan jarrita: egunotan, emigranteak dira errudunak, edota Begoña Gomez, Pedro Sanchezen emaztea, edota Katalunia, edota... Bitartean, ikuslegoak flipatu egiten du epaileen jokaldi groteskoekin, duten hantuste pozoitsuarekin, duten larderia lotsagarriarekin. Horien jukutriak higuingarriak dira. Joe Bidenek oporrak ere hartu ditu. Guztiok arnasa hartu dugu lasaiago, nahiz eta belarrimoztxo hori atzetik etorri berriz.