Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Ikasitakoa

IkasitakoaEFE

Abuztuaren 6an izan zen munduko gizadiak krudelkeriari buruzko ahaleko lekzioa hartu zuenean. Abuztuaren 6an, gizakion artean eginiko pentsaezinezko suntsiketa eta deskalabrua gertatu zen. Abuztuaren 6an, gizateria jabetu zen hurkoaren kontra eginiko sarraskiaren tamaina ikaragarriaz, eta munduak dar-dar egin zuen, negar egin zuen, egindako izugarrikeriarengatik. Damua ostean etorri zen.

Abuztuaren 6an, 1945ean, ahal adineko mina egiteko xedez, Japoniako Hiroshima hiriaren kontra gerragintzako historiako lehen bonba atomikoa jaurti zen. Euren banderan zirkulu gorria duen Hiroshiman eta Nagasakin izan zen. Lehergai hiltzaileari Little Boy izena jarri zioten, eta 9000 metro ingurutik hegan ari zen Enola Gay hegazkinaren tripa zabaldu zenean grabitateak ia hiriaren erdiguneraino eraman zuen. 43 segundoz erori zen eta aurreikusita zegoen bezala, lur azaleraino heldu baino 600 metro lehenago eztanda egin zuen. Enola Gay Tinian uhartean zuen basera itzuli zen12 ordu beranduago, eta ospakizunekin hartu zuten bertakoek.

Hiroshima hiria erabat suntsitu zuten, eta zenbakietan galdu barik, 150.000 pertsona zendu ziren guztira, horietarik erdia une eta denbora kontzentratu horretan. Antza denez, probatu gabeko arma bat izan zen. Hau da, ez zekiten oso ondo zer gerta zitekeen. Ondorioei begira jarrita, bizilagun asko ondorengo urteetan hil ziren erradiazioaren erruz, eta beste askok ondorio larriak izan zituzten.

Garai hartako AEBetako Truman presidenteak esan omen zuen: “Hau da historiako gauzarik handiena!”. Lerdoa.

Gaurko garaietara etorrita, liskarrak zabaltzen dira tai gabe ekialde hurbilean, eta handik eta hemendik, gogoan izan beharko genuke historiak irakatsitakoa, pairatutakotik beti ikasten baita zerbait, batez ere, berriz gerta ez dadin, berriz triskantza paregabea ikus ez dezagun. Garai hartako nagusitasun militarra munduari erakusteko performace gruteskoa izan zen abuztu honetan agitu zena. Dirudienez, Sobiet Batasunaren aurrean potentzial belikoaren erakustaldia baino ez zen izan. Krimenak hala gertatzen dira.