Itzuliko zela esan, eta bete egin zuen. Carles Puigdemont politikaria izan da azken egunotako izar politikoa. Salvador Illaren inbestiduran parte hartzeko deliberoa hartua zuen, eta horretarako, Kataluniara heldu behar zuen berriz, erbestetik, eremu estraofizial hartan zazpi urte pasa eta gero.
Ikusmin handia zegoen egun horretan. Milaka jarraitzaile bildu ziren lehen orduetatik esandako tokian, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan. Bertaratu ziren guztiek presidentea ikusi nahi zuten, ea benetan bere hitza beteko ote zuen, ea benetan bere figurak eszenatokia hartuko ote zuen.
Multzo ikaragarriaren erditik, tartean korrika, bere ile orraztu gabe eta berezi horrekin, azkenean, agertu zen. Atoan igo zituen oholtzarainoko azken mailak, eta publikoak eztanda egin zuen President! President! oihuen artean.
Artega batean zetorren, alboetara begiratuz tai gabe, baina bost minututan esan beharrekoak bota zituen. Bere diskurtsoan Amnistiaren legea aplikatu nahi ez duten epaileak kritikatu zituen: “Modu demokratikoan jokatzen ez duen estatu espainiarra salatu behar da nazioartean, Goreneko epaileek bere parlamentuak onartzen dituen legeei iseka egiten dietelako”. Amaiera ederra, betiko oihuarekin: “¡Visca Catalunya Lliure!”.
Geroago agitu zenak poliziez beteriko filma bateko errodajea dirudi. Oholtzatik jaitsi bezain pronto, Mossoak bila aritu ziren, eta Bartzelonatik ateratzeko bide guztiak itxi zituzten arren, presidente ohia desagertutzat hartu zuten berehala. Jarraitzaileek kolaboratu zuten tranpa horretan, eta horrexegatik, Mossoak bertan bildu ziren herritarren aurka oldartu ziren. Puigdemont harrapatzeko dispositiboa ezerezean lotu zen ordu batzuk beranduago.
Jada Puigdemonten ihesaldia amaitu da, Waterloora itzuli baita. Bitartean, betiko ultraeskuindarrek alamena ematen hasi dira beste behin, eta Kataluniako politikari guztiak sartu nahi dituzte berriz kartzelan. Lotsa, kontu patetikoa, Sanchez konplizea, delirioz beteriko ikuskizuna, Puigdemontek iseka egin die espainiarrei eta justiziari... eta abar, eta abar, eta abar.