Egiten nituen bidaia guztietatik opari txiki bat ekartzen nion amari. Hara edo hona joan, beti ekartzen nion lekuko oroigarriren bat. Berari bakarrik ekartzen nion. Horregatik, ama hil ondoren egin dudan lehen bidaian sekulako ziztada sentitu dut sabelean konturatu naizenean jada ez dudala ezer erosi behar berarentzat.

Esaten dute maite dugun norbait hiltzen denean, hasiera batean kostatu egiten zaigula konturatzea falta dela, geroago hasten garela haren falta sentitzen hildakoarekin egiten genituen gauzak bera gabe egiten hasten garenean, edo berarekin bakarrik egiten genituen gauzak egiteari uzten diogunean. Horrela gertatu zait niri konturatu naizenean beti egiten nuen zerbait, kanpoan nagoela amari opari bat erostea, jada ez dudala gehiago egingo.

Amak munduko bazter askotako oroigarriak zituen etxean gordeta. Leku haietako gehienetan, baina, ez zen sekula izan. Imajinatu egin zituen edo pelikuletan ikusi. Izan ere, bere belaunaldiko gizon-emakumeek ez zuen guk gaur dugun antsia, ezta ohiturarik ere, ezta baliabide ekonomikorik ere, turista moduan mundutik zehar bidaiatzeko. Jakinmina izango zuten eta gogoa, baina bidaiatzea gutxi batzuek zuten aukera zela barneratuta zutenez, ez zuten gaur dugun beharra hara eta hona ibiltzeko, ez bazen bizimodua ateratzeko, ez bazen euren herriko pobreziatik ihes egiteko.

Gaur oso bestelakoa da egoera. Eta turistaz betetzen diren lekuek bere xarma eta nortasuna nola galtzen ari diren ikusita, batzuetan pentsatzen dut egon behar dela moduren bat jendeak bere herritik irtetzeko aukera izateko, baina aldi berean neurriz kanpo turistifikatu diren lekuak ez suntsitzeko.

Ez dakit zein den irtenbidea, diru asko duten gutxi batzuk bidaiatu ahal izatea ez baita soluzio justua. Baina denok aldi berean leku guztietan egotea ere ez. Agian leku batzuk oroigarriei begira edo pelikuletan ikusita imajinatu beharko ditugu nire amaren belaunaldiko gehienek egin zuten bezala?