Urte bete. Askorentzat urte bete. Horixe da aste honetan gogoan hartu nahi izan dutena Hamasek urriaren 7an eginiko erasoaldiaren urtemugarekin akordatzeko. Egun horretan Hamasek eginiko triskantza izan da albistegi askotako lehen berria. Zenbaki guztiekin esan behar da: 1.163 pertsona hil eta 252 bahitu zituen.
Urriaren 7an izan zen hori, baina, data horretatik atzera izandako hamarkadatako okupazio ilegalak, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ukatuta, gutxik analizatzen dituzte, eta diskurtso ofizialari men egiten diote. Horixe iragana ei da, baina historiak ahots sakona du.
Egunotan ere, beste urtemuga mingarri bat ere gertatu da. Urriaren 8an izan zen. Egun horretan, Israelek eta bertako lehen ministro Benjamin Netanyahu krudelak gerra egoera deklaratu zuten Hamasen kontra. Une horretatik aurrera, eskrupulurik gabe, Gaza bonbardaketa masiboen azpian suntsitzen hasi ziren.
Datuak ikaragarriak dira, eta edonon topa daitezke egoeraren dramaz jabetu gaitezen: Gazako zerrendak 365 kilometro koadro baino ez ditu (Nafarroako Baztan eskualdea baino txikiagoa da). 2,1 milioi pertsona bizi ziren (bonbardaketak hasi zirenetik, Israelgo ejerzituak ia 42.000 pertsona hil ditu). Herritar horietatik 1,9 milioik utzi behar izan dute dena, eta alderrai dabiltza punta batetik bestera, noraezean, esparantzarik gabe, heriotza posible batera kondenaturik.
Etenik izan ez duen sarraskia burutu du Israel herrialde genozidak Gazan, eta orain, gerra hots horiek, disimulurik gabe, inguruko herrialdeetara zabaldu nahi ditu konkista dantesko bat eginez. Aitzakia, kasu honetan, Hezbollah da, eta Libanoren kontra misilak eta bestelako erasoak prestatu ditu Israelgo armadak. Estrategia modernoenak erabiltzen dira; adibidez, deigarria izan zen Hezbollahko kideen aurka pertsona-bilagailuak eztandaraziz egin zuen eraso terrorista.
Orain Libano dute jomugan, eta bere deuseztapenarekin tematurik daude armada sionistaren buruak. Zoramen odoltsua hedatu da Ekialde Hurbilean, eta genozidioaren iraupenerako, business ederrak eginez, armak saltzen dizkietenak ere badira errudunak.