Aste hauetan manifestazio handiak izan dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Lurraren eta gizakiaren duintasuna eta etorkizuna bermatzeko oihuak zabaldu dira bilera jendetsu horietan. Inportanteenetako bat Gernikan egin zen joan den asteburuan, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deituta. Horretan, milaka herritarrek Urdaibai Biosfera Erreserban Eusko Jaurlaritzak egin nahi duen Guggenheim Urdaibai proiektua gelditzeko eskatu dute. Bertaratu ziren askoren ahotik maiz entzuten zen turismoaren masifikazioa bultzatuko duen makroproiektu horrek ez duela ezer onik ekarriko eskualde horretara, dena korporazio handiei begirako negozioa dela. Manifestazioaren ondorengo egunetan jakin dugu Greenpeacek Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demokratikoaren Ministerioaren aurkako demanda jarri duela Auzitegi Nazionalean. Eta antza denez, Eusko Jaurlaritzaren kontra ere bai. Greenpeacek aipatzen du Urdaibaiko Biosferaren babes-guneak inolako kontrolik gabe murriztu direla, eta horrek, kostaldeei buruzko legean xedatutakoa urratzen duela. Erakunde ekologistaren hitzetan, Europako legeria ere urratuko luke proiektuak, Natura 2000 Sarean sartuta dauden paduretan kokatuko bailitzateke. Lurraren defentsan ere, Iturrietako Mendiak eta Gasteizko Mendiak babesteko mendi-martxa egin zen joan den asteburuan. Dakikezuenez, zonalde hartan zentral eolikoak altxatu nahi dituzte, biodibertsitate handiko ekosistemen galera ekarriko dutenak. Egun hauetan ere ezagutzera eman da Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak egindako txosten bat, non proiektuak sortuko lukeen ingurumen-inpaktua larritasun muturrekotzat jotzen den. Beraz, ezin dira kalibre handiko mendi-industrializazioak onartu.

Horren aurrean, urriaren 26an, Makroproiekturik ez lemapeko manifestazioa egingo dute Gasteizen, Araba mespretxatzen duten makroproiektu eoliko eta hormigoizkoak ukatzeko. Gizakiaren defentsan ere jende andana bildu zen astearen hasieran Euskal Herriko ehun herri baino gehiagotan, Israel herrialde kriminala burutzen ari den Palestinaren aurkako genozidioa irmoki salatzeko. Lurra eta gizakiak, gizakiak eta lurra defenditzen.