Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

(Des)konexioa

(Des)konexioaArchivo

igandea, harrigarriki, ertz ezberdinetatik bada ere, gai berari bueltaka igaro dudala iruditu zait. Goizean irakurri nuen Danele Sarriugarte esaten zein ederra den jendaurrean ari zarenean, egiten duzun horri eusten dion sare osoa zurekin batera sentitzea, begira dituzun aurpegi guztiak ezagunak izatea. Egiten duzun eta zaren horri zentzua ematen diola azpimarratzen zuen, zirkulua duela horrek osatzen.

Geroxeago irakurri nuen Xabier Euzkitze, X sarea utzi duela esanez. Desinformazioaren, albiste faltsuen ea eskuin muturraren ideia toxikoak elikatzen dituen saretik deskonektatu egin dela aireratuz. Sarean diharduen jende askori agur esateak min egiten dion arren, bere osasunaren eta lasaitasunaren mesedetan hartu duela erabakia. Eta Muski bere simaurretan ito dadin desioz azkentzen zuen zutabea.

Eguerdian, gure etxeko amonarekin mosto bat hartzen, bere laguntzat egiten duenak edo, “honek” jada ez du hitzik egiten esan zidan. Matxuratutako panpina baten aurrean balego lez. Deskonektatuta dago. Eta halaxe bota zuen, deskonektatuta dagoenarekin, bera, aspertu egiten dela.

Hori gutxi ez izanik, iluntzean, etxeko aitonarekin kafea hartzen nengoela, terraza aurretik pasatzen zen jendeari begira, non esaten didan, ez zaiola iruditzen bere herrian bizi denik ere. Aurretik pasatzen den inor ez duelako, jada, ezagutzen. Gazteak direlako dela erantzun nion. Belaunaldi berria. Baina ez zion nire argudioari onartzekorik egin.

Konexio bila aritzen gara bizitza osoan. Aitormen bila. Babes bila. Maitasun bila, bere bertsio ezberdinetan. Baina zein garrantzitsua den konexio mota hori ulertzen eta eraikitzen duten pertsonen arteko lotura. Egiten eta sentitzen duzunari zentzua ematen diotenena, Sarriugartek zioen bezala. Eta zein garrantzitsua, baita ere, zure ideiekin bat egiten ez dutenei haizea hartzea joateko esateko aukera izatea, Euzkitzek egin bezala.

Zeren eta munduaz konektatzen zaituen sarea eteten denean, matxuratutako panpina bat bezala gelditzen zara, edota atzerrian biziko bazina lez sentitzen.