Síguenos en redes sociales:

Haka

Harriturik eta hunkiturik ere ikusi nuen bideo txikia. Irudiak Zeelanda Berriko parlamentuan hartuta zeuden. Bertako alderdi politikoen artean kide maoriak ere badaude. Betiko legez, euren herria defendatzeko ahaleginetan aritzen dira jo eta su, beste herri txikiek ere egiten duten moduan. Indigenen eta britainiar inperio kolonizatzailearen artean, behinola, Waitangiko Ituna sinatu zen, eta horren bidez, hainbat eskubide dagozkie herri indigenei, eta gainera, euren kultura, hizkuntza eta autonomia bermatu behar ditu hango gobernuak.

Euren hizkuntza eta tradizioak dira bertako herritarren gizartean balio handiko kontuak, mesprezu galantaz begiratzen dietenentzat kontu azalekotzat jotzen direnak. Bada, betiko legez, eskuin sakonera okertzen direnek gaizki ikusten dute patria bat osatzen ez duten elementu guztiak, eta hala, toki guztietan dauden betiko politikari xenofobo, babalore, ahoustel eta zipotzek diote itun horren interpretazio zorrotzago bat egin behar dela, hainbat xedapen diskriminatzaileak direlako. Erraz antzemango dugu paralelismoa. Gustatzen ez zaiena, diskriminatzailea da. Mendez mende, agintariek, sistema politikoen kudeatzaileek edo pertsonaia publikoek jazarri dute berea ez dena gezurrak erabiliz. Bada, Zeelanda Berrian, maoriek haserrea adierazteko, Haka bat egin dute bozketa geldiarazteko eta euren desadostasuna erakusteko.

Eta berriz errepikatuko dut, harriturik eta hunkiturik ikusi nituen irudi haiek. Kide maori baten eskuetan zegoen lege-papera urratzearekin batera hasi zen kantatzen, aieru eta aurpegiera eder horiek eginez. Berehala, beste kide eta parlamentuan zeuden ikusle guztiak gauza bera egiten hasi ziren. Kantak eta dantzak batu zituzten herritarrak, eta Parlamentuko bozketa bertan amaitu zen. Haka dantza ez da bromatan hartzeko kontua. Aurrean dagoen areriori desafiozko dantza eta kanta bat eskaintzen zaizkio, eta aspaldian, gudan ere erabiltzen zen. Imajinatu ahal ditut hemengo parlamentariak antzeko dantza bat eginez, ezpata-dantza, adibidez, Euskal Herriaren eta euskararen kontrako eraso guztiak salatzeko. Kartzelan lirateke honezkero.