Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen dugu urtero, eta Nafarroaren Eguna. Aldiberekotasun hori beti iruditu zait iradokitzailea, behintzat. Biak daude lotuta munduan Frantzisko Jatsu Azpilkueta izena zeraman, eta zeru katolikoan eta, zertarako ukatu, gure artean Frantzisko Xabierkoa izen ospetsu eta ezagunez ezagutzen dugunarekin. Kondairak dio Xabierrek hil aurreko azken hitzak, otoitzak, euskaraz esan zituela, “se non è vero, è ben trovato”.

Interneten kuxkuxean nenbilela, jakin dut abenduaren 3an ere ospatzen dela Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna, Nazio Batuek 1992an ezarria, eta Medikuaren Nazioarteko Eguna, oraindik ez oso ofiziala, antza. Aldiberekotasun hori, berriro ere, iradokitzailea iruditu zait: mediku ona edo mediku euskaldunaren kontu txatxu hori, badakizue. Bide batez, azken astelehenean auzoko osasun zentroan, Gasteizen, lagun batek eta biok, aldez aurretik adostu gabe, euskaraz egin ahal izan genituen gure zereginak harrerako bi langileekin. Baina pasa den astean Bilboko Euskalduna jauregiko arropazainak ez zidan ulertu. Denetarik dago euskaldun baten bizitza aldapatsuan.

Abenduaren 3an Uruguayn Candombe Eguna da: candombe bertako kultur adierazpena da, jatorri afrikarra duena, danborrak eta danborrak baino gehiago. 1978ko abenduaren 3an danborrak entzun ziren azken aldiz Montevideoko erdialdeko eraikin ospetsu batean diktadurari ez zitzaiolako iruditzen beltzak dantzan edukitzea hiriaren erdialdean turismoaren eta higiezinen negoziorako ona izan zitekeenik (argudio batzuk ez dira inoiz aldatzen). Candombe biziberritu da orain, ez dago museotan ezkutaturik.

Euskararen Eguna bezalako ospakizunek apur bat hotz utzi naute beti, urteko 365 egunak dira niretzat euskararen eguna (barkatu topiko usatuegia hona ekartzeagatik); hala ere, azken aldian, den-dena beharrezkoa dela hasi naiz pentsatzen: euskararen egunak, orduak zein minutuak, Euskaraldiaren belarriprest eta ahobizi txapak eta hortik egon daitezkeen ekimen guztiak. Beraz, larrialditik indarraldira, nola ez.