San Tomas egunean familia Donostiara etorri da, egun handia jende artean pasatzera. Txorizo-muturra, ahal bada, talo artean jan eta giroaz gozatzera. Ibilgailua utzi eta Okendoko parkinetik atera bezain laster aurkitu du familiak giroan murgiltzeko parada. Gabonetarako espreski eraikitako azoka-postuen aurrean atera dira. Alaba nagusiak, sei urte dituenak, ingurura begiratu eta berehala esan du: “ze arraro, Donostian Gabonetako kantuak erdaraz!”. Donostian bizi den osabak azaldu dio umeari, ezetz, Donostian hiru hizkuntzatan izaten direla Gabon kantak: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta pixka bat itxoiten badute, erdarazko kantuen ostean agertuko direla euskarazkoak. Familia ez da zain gelditu, ordea. San Tomas egunean Donostian asko dago ikusteko eta Gipuzkoako plazarantz lerratu dituzte oinak.
Eguneko lehenbiziko taloa erosteko ilara egiten jarri direlarik, umeak osabari eskutik tenk egin dio: “osaba, Donostian baserritar jantzita doazenei abarkak janztea ahaztu zaie eta, batzuei, baita buruko zapia ere”. Osabak azaldu dio iloba txikiari, abarkekin oinak busti egiten direla eta buruko zapia, bada, gehienek, zama inguruan eramaten dutela, erosoagoa dela. Umeak ez du ulertzekorik egin.
Txistorra erosteko ilaran aurrera egin eta eskatzera heldu direnean, paparrean “euskaraz barra-barra” pegatina zeraman gizonezko batek artatu ditu. Umeak egin du komanda. Gizonak ez dio ulertu. Eta gazteleraz galdetu dio umeari, ile-horia izaki, kanpotarra izango zelakoan. Euskaraz badakigula argitu diot nik. Gipuzkoa plazatik Konstituzio plazara bitartean, orein adarrak buruan eta Gabonetako ezaugarriz apaindutako jertse gorriak jantzitako kuadrilla bat edo beste ere ikusi ditugu bidean. “Begira!”, esan du umeak hatz adierazlea igota, “telebistan ateratzen den jendea etorri da Donostiara ere!”. Lauburua duen euskal pastela jaten ari dira. Inguruan ikurrinen bat edo beste eriden ahal da. Oso bakan.
Otartekoa bukatu ez beste, umeak Kaxilda ikusi nahi duela eskatu du. Eskerrak, beste leku guztietan bezala, txerria ortozik dagoen… pentsatu dut nik.