Albiste aztoragarri eta tristeekin ekin dio urteak bere ibilbideari. Larriena (edo plurala erabili behar? larrienak?) Joe Biden AEBetako presidente ohiak haizatu zuen duela egun batzuk.

Gradu altuko zahartzaroko dementzia duen gizonak 8.000 milioi dolarreko business bat egin omen du gaur egungo estatu genozida handienarekin, Israelekin, arma kantitate dezente saldu ahal izateko. Badirudi bere erabakia ontzat hartua izateko Ordezkarien Ganberako eta Senatuko batzordeen oniritzia beharko duela, baina ez dakit, burua pitzatua dutenak asko dira hango politikarien artean.

Ezin ulertuzko laborria sorrarazten dute behin eta berriz gerra goseari su gehiago emateko tematurik diren munduko mandatariek, arriskugarrienak direnek. Horiexek lurraren etorkizuna erraz baldintza dezaketenak dira.

Bertako ere bada, nola ez, Biden leloaren ondorengoa: izokin koloreko azala duen Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente hautatua, zeina azken egunotan babokeria beldurgarriak esaka aritu baita. Duela urte asko botatako erronkari edota ideia lerdo bati heldu nahi dio berriz: duen interes estrategikoengatik, Groenlandia AEBen parte izatea. Irla handia Danimarkaren menpeko lurralde bat da, eta hala bada ere, badirudi desafio egingo diola herrialde horri. Danimarkan pitokeria absurdutzat jo badute ere, AEBtik diote munduaren segurtasuna kinka larrian jarriko litzatekeela lurralde hori eskuratzen ez badu. Herrialde-lapurreta sistematiko horren barruan Kanada ere aipatu zuen izokinak. Eta bestelako ergelkeriak ere esan zituen, hala nola, Mexiko Golkoari, Ameriketako Golkoa deitu behar dela.

Ekialde hurbilaz ere zenbait iritzi bota zuen, eta Palestinan bahiturik dauden israeldarrak askatu ezean zonalde hura infernu bilakatuko duela esan zuen. Bakeaz eta elkartasunaz, ezer ere ez. Beraz, ez dago urteari harrera egiteko modu ederragorik.

Azken berri txarra, hau. Betiko derrigorrezko bisita bat merezi izaten zuen Donostiako Hontza liburu denda historikoak bere ateak itxiko ditu. Tristura.