Oraindik ikusgai dago Golem Yamaguchin Itoiz udako sesioak. Bigarren astea baizik ez du, baina Iruñean euskal film guztiek ez dute lehenbizikoaren langa gainditzen. Gustura ikusi dut Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendutako dokumentala. Itoiz gogoko nuen rock progresiboa egiten zuelarik eta orobat gogoko geroago ere, gitarra taldea bilakatu zelarik. Hogeitaka urteetan erretzeko paperarekin berdintzeraino higatu nituen haien zintak 4Lko irrati-kasetean. Inongo kronika heroikoetan agertzen ez bada ere, euskal talde batekin gutitan gozatu dut hainbertze Teatral Estellesan 86an edo 87an eman zuen kontzertuan baino. “Eeee, Lizarra!!!!”, Juan Karlos Perezen gerla oihua. Etxeko disko jogailuan segitzen dut noizean behin paratzen haien azken lana, Eremuko Dunen Atzetik Dabil…, Faduran zuzenean grabatua. Itoizek gailur-gailurrean zegoela eten zuen bere ibilbidea. 1988an ez nuen ulertu, iragarri zutenean. 37 urte geroago, Udako sesioak ikusi eta gero, ulertu egiten dut, baina erdizka. Edo beharbada, ulertu ez, onartu da orain erdizka egiten dudana. Itoiz zen kalitate musikala, zen estilo propioa, zen dotrinarekin bazterrak aspertzeari uko egiten zioten letrak. Haren desagerpenak, hainbat zale zurtz ez ezik, eremuko dunetakoa baino basamortu handiagoa utzi zuen euskal musikaren saihets batean. Urte frankotan inork -tira, kasik inork- ez du bete haren hutsunea. Azkeneko urteetan hemengo talde batzuek irabazi duten kanpo proiekzioa ikusirik, zilegi da galdetzea Itoiz noraino ez ote zen ailegatuko aparrari eusten jakin izan balu. Aitzindariegiak, agian. Deuseztatu zelarik munduratu gabe zeuden gazte franko ikusi ditut trantzean, goizaldeko ordu ttikietan, Lau teilatu entzutean. Dokumentalean agertzen da taldeko kideek nolako duda-mudak erabili zituzten hura diskoan sartzera deliberatu aitzin. Ze garai tristeak, amodio kantak plazaratzea kontu lotsagarritzat hartzen zutenak.