Gezurra diruen arren, bost urte pasa dira OMEk nazioarteko osasun larrialdia deklaratu zuenetik, covid-19aren agerpenarengatik. Gogoratuko duzue sorburua, ezta? Bai, Txinan izan zen. Non zehazki? Wuhan herrian. Bertako Osasun Batzordeak pneumonia birikoaren kasu batzuk agertu zirela aipatu zuen.

Ondorengo guztia ziztu bizian agitu zen, eta hurrengo asteetan, une sinesgaitzez josita, covid-19ak gure bizitzak eta planeta osoa larritu zituen. Garai hartan, mundu osoko adituak jarri ziren munstro haren kontrako antidotoa bilatzen, diru iturri ikaragarria izango baitzen lobby farmazeutikoentzat aurkikuntza gertatuz gero. Bitartean, mundua etxeratu zen, bakoitza bere habian sartuta, nekeak eta beldurrak pasarazi zizkigun gaixotasun dontsuak. Askatasuna kendu eta kontrola jarri zigun.

Telebistetako informatiboetan hildakoen kopuruak eguneratzen zituzten inolako eskrupulurik gabe, heriotza ingurukoengana heltzen ari zelako sentsazioa areagotuz, beldurra eta laborria hedatuz.

Deigarria izan zen gizartea zaintzegatik hainbeste sakrifikatu zuten osasun-langileei eginiko txalo-keinua, gaur egun ahaztuta dagoena, eta beren lan baldintzak hobetzeko balio izan ez zuena. Pandemiaren efektuak askotarikoak izan ziren: kaosa, posteritatearen iluntasuna, kontu gruteskoak, masa-gizarte global eta masifikatuaren izualdi kronikoak, lintxamendu sozialak, alarma zoroak, zaurgarritasunak, irudi esperpentikoak, interes-sareak, garai infekziosoak, eta degenerazio globala. Asko izan ziren egoera gaitz hartan modu korruptoan aberasteko engranaje maltzurrak mugitu zituztenak.

Batez ere lotsagarria izan zen Madrilen gertatu zena. Bertan, zenbaki hau ezaguna egin da: 7.291. Zenbaki horrek 2020ko martxoan eta apirilean Madrilgo egoitzetan inolako arretarik gabe hil ziren adinekoen kopurua adierazten du. Isabel Diaz Ayusoren gobernuak ez zituen artatu. Gaur egun, haien familiarrek salaketa bat aurkeztu dute Madrilgo Fiskaltzan, osasun-arreta ukatzeagatik delitu izugarria egin baitzuen Ayuso andreak.

Dena ezin da ahaztu bost urte hauetan. Epaituko ahal dute!