Guk [ingelesok] ez dugu betiereko lagunik, ezta betiereko etsairik ere. Gure interesak dira betierekoak, eta gure betebeharra interes horiei jarraitzea da”. Ezagunak dira Lord Palmerston (1784-1865) politikari britaniarraren hitzak, gutxi gorabehera euskaratuak, kolonialismo zaharraren laburpen gisa askotan aipatu izan direnak. Burura etorri zitzaizkidan berehala Zelenski-Trump/Vance ikuskizuna ordenagailuan begien aurrean izan nuenean. Egia esan, Palmerstonen hitzak gogoan bueltaka izan nituen Trumpen bake-plana (bakea-edo lur arraroen truke) ezagutzera eman zenetik. Laguna zenari, Zelenskiri, amarrua jarri eta umiliatu barregarri uzteko teleikusle estatubatuarren aurrean, eta Putin, etsaia zena, goraipatu eta erakarri ea horrela zaletasun txinatarra desagertzen zaion, azken finean, Estatu Batuen interes handiena Errusiak Txinarekin duen adiskidantza apurtzea edo, gutxienez, moteltzea da.

Atzera abiadura handian joaten ari garenez, ez da harritzekoa kolonialismo zaharrera itzultzea. Adituen artean eztabaidatzen da gaurko kapitalismoak edo turbokapitalismoak edo teknokapitalismoak ezaugarri neokolonialak dituen (ez dakit zergatik neo, uste dut kolonialismoa ez dela inoiz desagertu), eta baita ezaugarri feudalak dituen ere (estatu aliatuek lagun izateari utzi diote, eta estatu basailuak dira kasurik onenean). Europako agintariak berrarmatzeaz ari dira, eta Eusko Jaurlaritzako sailburu bat armagintzak industria berpizteko duen ahalmenaz. Inork ez du Trumpekin haserretu nahi, zer gerta ere, eta indartsuenaren legea nazioarteko lege bilakatzen ari da. Trumpek ikasle onak izango ditu munduan zehar.

Lagun batek gogoratu berri du Etxe Zuriko iskanbila bukatzean Trumpen azken hitzak hauexek izan zirela: “Good television”. Politika, nazioarteko harremanak, gerrak horixe dira laranja koloreko gizonarentzat, aukera paregabea reality programak egiteko: badakizue, liskarrak, oihuak eta abar. Gogoratu Trump realityak egiten trebatu zela. Munduan anabasa sortu? Zer axola du horrek “telebista ona” egin eta interesei jarraitzea helburua denean?