Sara albisteak ikusten ari da: Ursula von der Leyenek dio Europa berriro armatu behar dela. Estatu Batuen babes militarrik gabe, une geopolitiko berriaren aurrean, armatzeko garaia heldu zaiola Europari. “Baita niri ere”, atera zaio nahi gabe. Izan ere, Sara harreman sentimental zital batetik atera berri da eta lagun batek esan ziona gogoratu du: Altxa titiak, Sara, berriz armatu behar zara. Harremana berari esker mantendu da denboran zehar, Mari Luz Estebanek gogoratzen digun legeari jarraituz: “Gizonen eta emakumeen sozializazio ezberdinak emakumeak lan emozionalaren erantzule egiten ditu, eta emakumeek nahiko naturaltasunez onartzen dute maitasuna mantentzea eta zaintzea euren ardura dela”. Berak dena eman du, moldatu egin da gizonaren nahietara, barkatu egin dizkio hainbat huts, nahi zuena egiten utzi dio. Bere buruaz ere ahaztu da, haren aurrean atseginago agertzeagatik. Harremanean desegin da. Gizonaren neurrira moldatu ditu bere gorputza, bere ideiak, bere nahiak. Eta orain gizona joan da. Egun batzuk lehenago, Trump Zelenski umiliatzen saiatzen ari zen irudiak ikustean, barrutik atera zitzaion baita ere: “Niri bezala”. Izan ere, Sarak isiluneak, haserreak, mespretxuak eta umiliazioak jasan behar izan ditu. Besteak beste, bazekien bikotekideak sexu-harreman sekretu bat zuela biek ezagutzen duten beste emakume batekin. Ez zion inoiz esan bazekiela, harremana dinamitatzeko beldurrez. Eutsi egin zion, disimulatu egin zuen, erre egin zen barrutik haien arteko begirada ustez ezkutuak antzeman zituenean. Orain, Sara konturatu da maitasuna, emakumeoi erakutsi diguten bezala, gure aurkako gerra-arma ere izan dela. Lagunei esker ohartu da. Maitasuna itsua delako, baina lagunak ez. Beraz, martxoaren 8an haien ondoan aterako da kalera, emakumeok gure alde intimoenetan ere berriro armatzeko beharra daukagulako. Emakumeen kontrako guda zelaiak, gehienetan, kalean baino, etxe, sukalde, logela eta ohe barruetan egoten baitira.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
