Nik ere beldur pixka bat diot kazetari jendeari. Ez da aurriritzi hutsa. Ni ere ofiziokoa izana naiz. 11 urtez –10 + 1– zikindu nintzen kazetaritza aktiboaren lokatzetan, eta bitarte horretan, aitor dut, hamaika aldiz sartu nuen hanka. Behin edo behin, istaperaino. Gogoan dut, konparaziorako, poliziak alderdi abertzale bateko militante iruindar ezagun bat eraman zuenekoa. 1979-80 zirimolatsuetan geunden, eta ni ikasketak bururatu gabeko kolaboratzaile ondu gabea. Zirt-zart, ziegaratua nola eta Estatuaren errepresioaren biktima gisa aurkeztu nuen horren kontura lardaskatu nuen albistean. Biharamunean, latzak aditu behar, zinez latzak. Hara, morroiaren atxiloketak ez zuen deus ikustekorik haren militantzia politikoarekin, baizik eta Zigor Kode arruntak hemen ez ezik mundu guztian zehatzen dituen bertzelako jarduera batere ez eredugarriekin. Tarteak tarte, halako pasarteaz oroitu naiz Pablo Gonzalez euskal kazetariaren auziak azken hilabeteetan hartu duen itxura ikusita. Ni ere asaldatu nintzen, bertze hainbat bezala, duela hiru urte, Ukrainako gerla hasi berritan, Polonian atxilotu zutelarik. Niri ere sinestezina iruditu zitzaidan haren kontrako akusazioa, alegia, Errusiaren aldeko espioitza lanetan zebilela. Nik ere gaitzetsi nituen Espainiako Gobernuak auzi honetan agertutako pasibitatea eta euskal erakundeen epelkeria. Horren gaineko manifesturen bat sinatu ez ezik, nire arrastoa ere utzi izan dut bidegabekeriaren kontrako izkriburen batean. Jakina denez, Gonzalez egun libre dago azkenik. Joan den udazkenean Putinek berak ongi etorria egin zion Moskun. Poloniako justiziak, bertzalde, bertan behera utzi berri du haren kontrako prozedura, preso ohia herrialde horretara “berragertuko ez delakoan”. Pozten naiz, egiaz, Pablorengatik, baina niri, bertze hainbati bezala, tonto aurpegia gelditu zait honekin guztiarekin, erran nahi baita, ohi baino tonto aurpegi handiagoa.