Orain, bost urte bete ditugunean pandemia eta itxialdia hasi zirela, edonon gogoratzen da une hura, hedabideetan zein lagunarteko solasaldietan: non geunden itxialdia ezarri zutenean, nola igaro genuen denbora hura, zer egin genuen eta abar (pasadizo bitxiak guztiok ditugu). Bada galdera edo hausnarketa bat ororen gainetik hegan egiten duena: egia al da, garai hartan esaten zen bezala, ataka horretatik pertsona hobeak atera ginela, pertsona hobeak, hau da, pertsona toleranteagoak, irekiagoak, solidarioagoak, bestearekiko arduratsuagoak, lasaiagoak?
Eszeptiko samarra nintzen ni horrelakoak entzuten nituenean, baina ez du axolarik, nire izaerarekin ederki ezkontzen baita eszeptizismoa. Behin Ramon Saizarbitoriari egin zioten galdera ospetsua eta eman zuen erantzuna buruan gelditu zitzaidan: ez zen oso baikorra agertu pertsona hobeen kontuarekin, baina esaten zuen jendeak eskuak ondo garbitzen behintzat ikasi zuela. Ez dakit gaur egun baikortasun izpi hori errepikatuko lukeen oraindik Saizarbitoriak.
Daniel Innerarityri egin berri diote galdera eta itzulinguruka erantzun du: hasteko, pertsona gutxiago atera direla pandemiatik, begien bistako gauza, bai, halere, komenigarria da oroitzea nola hil ziren, bakarrik, abandonaturik, gutako asko, eta Europako Batasunak eta erakunde askok erkidetzen jakin zutela, nolabait, arazoari elkarrekin aurre egiteko (xehetasun gehiago beharko luke adierazpenak), baina pertsona hobeen kontuari ihes egin dio antzetsuki. Innerarityren ideia bat gustatu zait, baina: haren ustez gure jendartea bada gai krisi baten aurrean uneko erantzun sendoa emateko, baina ez da gai ahalegin horri denboran luzaro eusteko.
Uste dut, eta uste orokorra dela pentsatzen dut, ez ginela inondik inora hobeak atera, aitzitik, indibidualistagoak garela orain, egonarri gutxiagokoak, zientziarekiko mesfidatiagoak, urduriagoak. Batzuek diote horiek guztiak lehendik zetozela, eta pandemiak areagotu baino ez zituela egin. Hala izango da ziurrenik. Bost urte, gezurra dirudi, baina egia zen, da.