Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Justizia eta astronautak

Justizia eta astronautakUnai Beroiz

Joan den asteburuan, hilak 6, sekulako manifestazioa egin zen Baionan. Zeren alde? Euskararen alde, edo hobeto esanda, euskararentzat justizia eskatzeko. Justizia euskararentzat lelopean burutu zen mobilizazioa. Lelo hori ezin da deskriptiboagoa izan, euskarak, pairatzen ari den erasoen guztien aurrean, justizia merezi baitu. Antolatzaileek ondo adierazi zuten mobilizazioaren helburua: “Hemen bada euskaraz bizi nahi duen eta euskaldunon aurkako zapalkuntza onartzeko prest ez dagoen herri bat.”

Euskarak justizia hori falta duenean, euskarafobiaren hatsa nabaritzen toki orotan. Izan ere, euskaldun hiztunon eskubideak urratzen direnean ere injustiziak gertatzen baitira.

Horren inguruan oso argi hitz egin zuten joan den astean Behatokiako lagunek Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu zutenean. Txosten horretan jasotzen denez, euskararen egoera eta hiztunon eskubideak ez dira hobetu, urraketak behin eta berriz ematen baitira. Joan den urtean, mila kexa baino gehiago jarri zituzten euskaltzaleek. Horiei guztiei gehitu beharko litzaieke salatzen ez direnak, horiek ere kopuru handia osatzen baitute.

Betiko legez, hizkuntza hegemonikoen nagusitasuna eta pisua ukaezinak dira, baina halarik ere, euskara derrigorrezkotzat hartzen diren lanpostuetan espainola baino ez dakien batek bere burua aurkezten duenean diskriminazioa gertatzen da. Halakorik!! Argi dago botere sozio-ekonomikoek erdeinuz begiratzen diotela euskarari. Horixe adierazi nahi izan zuen Kutxabankeko buruak esan zuenean euskara oztopo garrantzitsua dela.

Kanpotik tai gabeko talkak heltzen zaizkigu, baina herrialdean bertan ere bestelako norabideak hartzen dira euskarak berak duen balioa ez aitortzeko.

Harritu egin nintzen honi buruzko albistearekin EITBn. Behatokiak txosten atera zuela esan zuten, gero Agurne Gaubeka zuzendaria entzun nuen zerbait esaten, eta kitto. Amaitu albistea. Minutu batera ez dut uste heldu zenik informazioa. Horren ostean, lau minutuz, Iruñean egindako pintxo txapelketa bati buruzko albiste friboloa; astronauta jangarri batzuk pintxo gainean ikusi nituen. Entzuteari utzi nion, eta telebista amatatu nuen.