Lekitto Musika Bandak bertan behera utziko omen du bere ekimena. 158 urteko ibilbide luzearen ostean, nahas-mahas azaldu diren albisteen artean hartu du erabakia. Zuzendariari egotzi zaizkion tratu txarrak izan dira lerro buruak hartu dituen berria. Baina izan dira bestelako zergatik ere: zuzendaria kontratatzearen ardura norena den argi ez izatea, zuzendariak kontrataziorako beharrezkoa den titulua aurkeztu ez izana, eta udalak udal musika eskola eta banda propioa izateko gastuari aurre egin ahal izateko zailtasuna, besteak beste.

Zuzendariaren kontra agertu diren salaketen azterketek bere bidea egingo dute eta jakingo da, behar denean, halakorik izan den eta izan bada, kalteak nola konponduko diren.

Pena ematen du, ordea, herriko musika banda desagertu egingo dela jakiteak. Izan ere, herri oso musikazaleak baitira Lekeitio, Markina, Ondarroa eta Mutriku (azken hau Gipuzkoa izan arren, Lea-Artibai eskualdean txertatzen da hainbat arlotan). Herri bakoitzak bere musika bandak izan zituzteneko garaiak ez dira hain urrutikoak. Betidanik ezagutu izan dugu auzoko herriko bandako musikariak eskatzeko joera, halako edo bestelako ekitaldia eskaini behar izan denean edota programaren zailtasunak eskatu duenean. Musikariak ere gustura ibili ohi dira, batetik bestera, herrietako jai eta ekitaldi ezberdinetan parte hartzen.

Lea-Artibai eskualdeko herriak, guztiak ere, txikiak direla jakinik, eta herriko musika eskolaz gain musika banda propio bat osatzea eta mantentzea zaila izan daitekeela pentsatuta, Lea-Artibai eskualdekoa litzatekeen musika banda bat osatzea proposatuko nuke. Hartara, eskualde osoko ikasleekin osatuko litzateke, eskualdeko herri guztiei eskainiko lioke zerbitzua, eta herriei jasangarriagoa litzaieke bandaren kostua. Herrietako musika eskolen helburuak ere, aipatu bandarako musikariak prestatzea eta eskualdeko abesbatza sendo bat egituratzea izan litezke.

Lea-Artibai eskualdeak, euskararen arnasgune naturala izateaz gain, herriko musikaz (banda eta abesbatza) gozatzeko gunean bilakatzeko aukera paregabea du.