Begoña E. Ocerinek oso erreportaje interesgarria argitaratu zuen aspalditxo bere garaian ON aldizkarian. Erresistentzia zuen muina. Hauxe da, bi zatitan, hau lehena, bere laburpena euskaraz. Faxismoaren aurka borrokan lagundu zuten aktoreez ari da. Ausartak.
1-Audrey Hepburn. Aita Hitlerren aldekoa zen eta ama faxista. Nerabea zela bere gurasoengandik ideologikoki urrundu zen eta 1944an Holandako Erresistentziarekin kolaboratu zuen.
2-Louis Jourdan. Bigarren Mundu gerran Frantziaren okupazioa gertatu zenean, bere aita atxilotu zuen Gestapok. Erresistentzian sartu eta emaztea eta hiru seme-alabak inplikatuta lortu zuen ihes egitea. Klandestinitatean banatzen ziren panfletoak idazten eta inprimatzen aritu zen. Gerra ostean Hollywoodera joan zen eta bertan ibilbide bikaina egin zuen, 2010ean Ohorezko Legioa jaso zuen.
3-Marcel Marceau. Bigarren Mundu gerra hasteak 16 urterekin harrapatu zuen, arazo gehigarri batekin: Estrasburgon jaioa zen familia judu batean. Ihes egin zuten, baina aita atxilotu eta Auschwitzera deportatu. Marcelek eta bere anaia Alainek ihes egin zuten eta haur juduak ezkutatzen espezializatutako Erresistentzia talde batean sartu ziren. Aukera izan bezain pronto, De Gaulle jeneralak agindutako Frantziako Armada Askean sartu ziren. Frantziako Ohorezko Legioarekin eman zioten.
4-Josephine Baker. Frantzian ospetsua izan zen dantzari, abeslari eta zinemako aktore gisa. Alemaniako okupazio garaian buruzagi naziek beraien ezjakintasunean txalotu egiten zuten. Espioitza jardueran aritu zen. Ezkutuan. Frantziako Armadak domina berezia eman zion.
5-Florence Waren. Ofizial naziek oso gutxi susmatzen zuten Parisko klubetan gauero txalotzen zuten dantzari hura, judua zela, baina are gutxiago bere etxea arraza-anaiak ezkutatzen ziren aterpea zela. Erresistentziarekin arma trafikoan kolaboratu zuen eta Alemanian egin ohi zituen egonaldiak aprobetxatu zituen Frantziako presoen mezuak biltzeko.
Ausartak izan ziren, beraien bizitza bera arriskuan jarriaz. Jarraituko.